Beasain lagunkoia
Bi lehentasun zerrendatu nituen aurreko gutunean, hirigintzari buruzkoan: etorkizunari begira pentsatzea Beasaingo hirigintza garapena eta ikuspegi orokorretik lantzea tokiko hirigintza jarduera guztiak.
Usurbera igo naiz beste behin. Egia izango da, horratio, Monterapia liburuan baieztatzen duena Juanjo Garbizuk: «Maldan gora hobeto pentsatzen dugu». Nire burutazioak antolatzen lagundu dit igoerak.
Benetan sinesten dut ongi planifikatutako hirigintza baliatu behar dugula herriak diseinatzeko; eta, ezinbestean, giza balioak eta printzipioak kontuan hartuz egin behar dugu. Herriek gorputza behar dute izan; baina, batez ere, arima behar dute. Bertan bizi garenok osatzen dugu herriaren arima, izan ere, biztanleek ematen die izaera herriei; ez alderantziz.
Herritarrok elkarlanerako zein elkarren artean erlazionatzeko dugun gaitasunak elikatzen du herriaren arima, eta horregatik da garrantzitsua elkarbizitzarako guneak sustatzea.
Zergatik ez dugu pentsatzen beasaindarrok elkartzen gaituena garrantzitsuagoa dela urruntzen gaituena baino? Elkartzen gaituzte, adibidez, gure ohiturek, tradizioek, kaleek, jaiek… Ez du zentzurik elkarrengandik bereizten gaituena hesi bihurtzeak. Berdin ez pentsatzeak egiten gaitu desberdin, eta aberasgarria da hori. Guztia ari da aldatzen gure inguruan. Zergatik ez dugu aldatu behar guk ere?
Pertsona ororentzat egokitutako guneak sortzea eta gizarte lagunkoiak sustatzea ditu helburu nagusi Euskadi Lagunkoia Sustraietatik ekimenak, eta urtetako eskarmentua duten pertsona helduenak dira ekimen horren aitzindari. Europako zein Ameriketako hainbat herrialdetan indar handia hartzen ari dira horrelakoak, eta Euskadin ere gero eta oihartzun handiagoa izango du ekimenak.
Gure esku dagoen guztia egingo dugu ekimen hau ahalik eta azkarren Beasainen martxan jartzeko eta gure pertsona helduak, beren ezagutza zein esperientziarekin, gure gidari bihurtzeko. Balioak eta printzipioak, izaera desberdineko pertsonen arteko harremanak, belaunaldi arteko elkarkidetza… bultzatu behar ditugu, izan ere, herri lagunkoia behar du izan Beasainek, arima eta berezko izaera duen herria.
–Aitor Aldasoro. Beasain.