Jakina da atzerritar inbertsioaren azken helburua etekinaren optimizazioa dela, funtsean irizpide finantzarioetan oinarritzen dela. Berez, atzerritar inbertsioek ez lituzkete ondorio negatiboak ekarri beharko epe ertain eta luzean, beti ere beste mota ...

Itziar Salaberria (Uggasako kudeatzailea)
Jakina da atzerritar inbertsioaren azken helburua etekinaren optimizazioa dela, funtsean irizpide finantzarioetan oinarritzen dela. Berez, atzerritar inbertsioek ez lituzkete ondorio negatiboak ekarri beharko epe ertain eta luzean, beti ere beste mota bateko irizpide sozial eta ingurugiro irizpideekin konbinatzen badira.
Salbuespenak salbuespen, kontua da, multinazional hauen erabaki guneek beren estrategiak plano globalean diseinatu eta gauzatzen dituztela, seguru gainera inprobisazioari oso tarte txikia utziz. Eta tamalez, diseinu honetan guztian, tokian tokiko interesak, nahiak eta beharrak ez dute normalean lekurik izaten.
Hainbat faktore exogenoetan oinarritu du Arcelor Mittalek bere erabakia: altzairuaren merkatuaren egoera, txinatar
dumping-a, energiaren kostua, eta abar. Baina ezer gutxi azaldu du azken urteetan zehar, egunerokotasunean, barne-faktoreen inguruan hartutako erabaki eta kudeaketaz. Izan ere, bere aktiboen berrikuntzan inbertitzen ez duen enpresa, langileriaren kualifikazio eta prestakuntzan inbertitzen ez duen enpresa, halabeharrez eta guztiz kontzienteki, gainbehera fase batean sartzen da.
Gai konplexua bada ere, desiragarria litzateke gure lurraldean eta sektore estrategikoetan jarduten duten atzerritar multinazionalen gainean lankidetza eta jarraipen mekanismo zuzenagoak izatea, Gizarte Erantzukizun Korporatiboren kontzeptuari bultzada eman eta enpresa hauek benetan erantzule agertzea gizartean eragiten duten inpaktuaren gainean, bai aktibo dauden bitartean eta baita jardueraren eten baten aurrean.
Enpresako 342 langile hauetako bakoitza bere istorio propioa bizitzen ari da, gordina eta zalantzaz beterikoa. Zentzu berean, bat-batean bezerorik garrantzitsuena galdu duten hainbat eta hainbat autonomo eta enpresa txikiri ere egoera latza bizitzea tokatzen ari zaie. Mantenu enpresek, garraiolariek, tailer eta gremio ezberdin askok beren negozio ereduak birpentsatu beharko dituzte beren bizimodua mantendu ahal izateko. Katean aurrera eginez, biztanleriaren kontsumo ahalmenaren jaitsiera laster antzemango litzateke merkataritzan eta ostalaritzan, eta azkenik, eskualdeko paisaiari beste lurzoru industrial hustu bat gehituko litzaioke.
Eusko Jaurlaritza, tokiko administrazio eta langile komitearen aldetik proposaturiko inbertsio planari enpresak ezezkoa ematen jarraituz gero, eskualde honek egun batetik bestera bere enplegu industrialaren %10 baino gehiago galduko du. Zerbitzu sektorearekiko dibertsifikazio prozesua urteetan ematen ari den joera orokorra bada ere, industria sektore sendo bat behar dugu zerbitzu guzti hauetatik tira egingo duena.
Eszenatoki honekin aurkituko bagina, eskualde bezala ezingo gara besteek egin dezaketenaren zain egon, ezta beste enpresa handi batek Arcelor Mittal-en lekua hartu dezan zain egon. Eskualdeak aurrera egiteko duen potentzial eta eskaintza guztia mahaigaineratu eta maila ezberdineko erakunde eta administrazioekin elkarlanean bide berriak jorratu beharko dira dudarik gabe.