Ederrena pilotalekuko aforoaren inguruko oharra
Inauterietan Ederrena pilotalekuan antolatu zen dantzaldian gehienezko aforo edukierak sortu dituen kexei erantzun asmoz, Urretxuko Udalak informazio hau helarazi nahi die herritarrei:
Lehenik eta behin, udalak barkamena eskatu nahi die egoera honek eragin zien herritarrei, eta jakinarazi nahi die, parte hartzaile guztien hobe beharrez hartutako erabakiak izan zirela.
Segurtasuna bermatzeko bidean, udalak ezin du ez-ikusiarena egin, eta hori dela eta aurretiaz prentsan argitaratu zen aurtengoan hartuko genituen neurriak zeintzuk izango ziren: aforoa doako sarrera bidez kontrolatzea, segurtasun neurriak hartzea…
EAEko urriaren 10eko 4/1995 legea eta suteen prebentziorako CTE-DB-FI legea betetzeko beharrak bultzatuta, Ederrena pilotalekuan pilota partida bat ez den edozein ikuskizunek izan dezakeen gehienezko aforoa 552 pertsonakoa da. Ikuskizunetako segurtasuna bermatzeko legearen eraginez, 700 pertsonatik gorako ekitaldiek baimen berezia behar dute, segurtasun azpiegitura bereziez gain (anbulantziak…).
Hala ere, lege honek suteen legea betetzeko beharra dakar barnean, eta bigarren araudi honi jarraiki, Ederrena pilotalekuak ezin ditu 552 pertsona baino gehiago hartu pilota partida bat ez den bestelako edozein ekitalditan.
Edozein aisialdi ekintzaz edo ikuskizunez gozatzeko segurtasun neurri guztiak bermatuta izatea garrantzitsua dela iruditzen zaigu, eta hori horrela, aforoaren gehienezko muga gertutik jarraituko du udalak, datozen ekitaldietan eta aurrera begirako ekintzetarako legea bete asmoz hartu beharreko neurri zuzentzaileen bitartez, kontu hauei irtenbidea topatzeko lanean ari gara.
Urretxuko udal gobernua.