Emandako hitza beteta
Udal gobernutik, 230.442,56€ falta direla eta dirua etxebizitzak galdu zituzten bizilagunei oparitzeaz salatzen naute.
Legeak, etxeak egiten direnean, jabeek irabaziak izango dituztela suposatzen du. Bista Alaiko bizilagunek ordaindu behar zutenaren balorazioa, modu horretan egin zuen orduko udal arkitektoak, egoeraren bereizitasuna kontutan hartu gabe.
Etxebizitzak erori zitzaizkien bizilagunek jasandako zorigaitzak, bizilagunak udalera eraman zituen. Pasa zena kontutan hartu eta egin beharreko ordainketa berraztertzeko eskatuz. Ziotenez, ez zen eraikitzearekin espekulatu nahi, beraien etxeak berreskuratu eta bertara itzuli nahi zuten soilik.
Egindako erreklamazioak aintzakotzat hartu ziren eta horiek kontutan hartuta, beste balorazioa egiteko eskatu zitzaion udal arkitektoari.
Azken balorazioa, lehenengoa baino 230.442,56 € gutxiago da. Hor dago aldea. Inork ez du dirurik lapurtu, ez eta euro bakar bat bera ere poltsikoratu eta are gutxiago udala kaltetu.
Harro nago, Bista Alai zela eta udal talde guztiok eduki genuen jarreraz. Aho batez hartu genituen erabaki guztiak eta horrek, garrantzi handia izan zuen etxe gabe geratu ziren hainbat persona eta familia bertara bueltatu ahal izateko.
Aipatu, prozesu guztian zehar udal teknikarien eskutik hartu genituela erabaki guztiak. Orain zortzi hilabete egin nuen bezala, Sorturi, guztia lehenbailehen auzitara eraman dezala eskatzen diot eta utzi diezaiola, soilik helburu elektoralengatik gaia etengabe luzatzeari.
Patxi Plazaola. EAJko alkate ohia.