Emandako hitza, beteta
Eñaut Gereñu (Ordizia).
Bi urte pasa dira 2011ko urrian Majori Kiroldegian lanean hasi nintzenetik. Lehen hilabeteetan, kiroldegian pintadak eta nire izenarekin kiroldegitik alde egiteko esaten zuten papelak agertu ziren. EAJren eta PSEren eskutik ere nire kontratazioaren inguruan denetik entzun behar izan dut bi urte hauetan. Majorira lanera sartu nintzenean, egoera ez zen samurra: langileak bi hilabete eta erdiz kobratu gabe zeuden, kiroldegiko instalazioak ixtekotan ziren, Majoriko gastu eta sarrera errealak zeintzuk ziren inork ez zekien…
Majorin sartutakoan, hilabete batzuetarako sartu nintzela uste nuen, konpontzeko zegoena konpondu eta joango nintzela esan nuen. Bi urte pasa dira, eta oso garbi esango dut: nire kontratazioa horrenbeste kritikatu zuten horiek aurreko urteetan beren lana ondo egin izan balute, nire kontratazioa ez zen horrenbeste luzatuko.
Dagoeneko Majori kiroldegiko egoera egonkortu da, benetako sarrerak eta gastuak zeintzuk diren badakigu. Prozesu baten ondoren, gainera, zuzendari berria kontratatu da, aste batzuetan biok batera lan eginda transmisio lana bukatu da eta, orain, duela bi urte emandako hitza beteta, nire lanpostua utzi dut.
Ordizian kirol instalazio oso onak dauzkagu eta Gipuzkoan kirol gehien egiten den herrien artean gaude. Majorin, beste leku guztietan bezala, asko dago hobetzeko eta bertako lantaldearekin pixkanaka hobekuntza horiek lortuko direla badakit.
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet nirekin lankidetzan ibili diren kirol talde eta norbanako guztiei, eta bereziki, nire lankide izan diren guztiei bi urte hauengatik!