Erabakitzen ik(h)asi
Analisia: Mario Zubiaga (Goierriko Berme-batzordeko kidea)
Demokrazian sakontzeko mobilizazioa izan da atzokoa. Zentzu horretan, –emaitzak emaitza–, ariketak berak, parte hartzeak, alegia, boteretu egin gaitu, herritarron burujabetza sendotu egin du zeharo. Adierazpen politiko kolektibo zabala izan da, zuzenekoa, inongo bitartekaritzarik behar izan ez duena. Herritarron autogestio askearen emaitza eta, hortaz, politikoki erabat loteslea.
Baina, nolatan hartu behar izan ditugu herritarrok erakundeen lanak? Gure herrian hain ezagunak ditugun ezinak edo kanpotiko debekuak gainditzeko modu bakarra izan da. Izan ere, Estatu demokratikoen kalitatearen neurgailu baita herritarren borondate askearen aurreko jarrera: heldutasun nahikoa, tradizio demokratiko luzea duten Estatuetan, herri-borondatea ez da inoiz oztopatzen, aitzitik, bideratzeko ahalegina egiten da. Britainia Handia eta Kanada dira heldutasun horren adibideak. Tradizio demokratiko eskasa eta infantilismo politikoa nagusitzen diren lekuetan, berriz, ukazioa besterik ez dago: banderak debekatu, galdeketak oztopatu eta horiek baimentzen dituzten erakundeak jazarri… Horixe da, tamalez, Espainiako agintariek orain artean erakutsi duten jitea.
Dena den, ez gaude inoren baimenaren zain. Euskal herritarrok gure antolaketa politikoaren inguruko iritzia, galdeketa ofizial baten bitartez adierazi nahi dugu, noski. Baina, bien bitartean, helburu horretara iristeko, herritarrok hartu beharko dugu, gure eskubide zibil eta politikoen egikaritzan, galdeketak antolatzeko ardura. Azkenean, eskubideen egikaritza praktikoak zabaltzen baitio atea zuzenbideari, legezkotzeari. Zentzu honetan, atzoko galdeketak ez dira nolanahiko ariketak izan, aurki izango dugun galdeketa ofizialarentzat eredu bihurtu baitira: botoa emateko prozeduraren bidezkotasuna eta legitimitatea zaintzeko berme guztiak beteta, berriro ere gure herriaren heldutasunaren lekuko izan da atzoko saioa.
Izan ere, antolaketa lan izugarria egin da atzoko galdeketak burutzeko. Eta aintzat hartua izan da auzolan hori, ez da alferrikakoa izan. Goierrin bezala, Debagoienan Aramaion, Ispasterren… milaka lagunek erabakia hartu dute jada. Atzokoa hasiera besterik ez da. Datozen hilabeteetan, atzo pilatutako esperientzia eta herri-jakituria lagun, geldiezina izango den olatua barreiatuko da euskal lurralde guztietan zehar, gure antolaketa politikoa euskal herritarron borondate askearen esanetara jar dadin behingoz. Burujabe gisa erabaki nahi dugu, eta, herri gisa, non, nola eta norekin egon nahi dugun. Beldurrik gabe, aurre-iritzirik gabe. Normaltasun osoz.