Ez da nahikoa baina...
Ane Albisua eta Juan Carlos Lazaro. Urretxu-Zumarragako Aralar •
Hiri hondakinak biltzeko orduan argi geratu da zein den Zumarragako Udalaren asmoa. Zabortegiak bete eta bete ari garela ikusita ere, nagusiki hiritarron ardura eta kontzientzia ezagatik, hondakinak zuzenki eta eraginkor bereizteko garaian, orain dagoen sistemaren alde egin du. Eta zabortegiak ia-ia beteta daudenez beste irtenbide bat bilatu behar da: Erraustegia? Zero zaborra?
Zaborra bereizteko orduan norberaren nahiaren arabera uzten da, eta horrela birzikla litezkeen gai ugari gaur egun zabortegira doaz, eta ez badugu ezer egiten, etorkizun laburrean erraustegira.
Gainera, kontrol ezagatik birziklatzeko biltzen diren hondakinak askotan nahastu egiten dira, birziklatzea bera oztopatuz eta kalitatea jaitsiz.
Hau dela eta, honako gogoeta hauek egiten ditugu:
-Agintariek bermatu behar dute erabiltzen den ontzi oro birziklatu ahal izatea. Hondakinen ekoizpen-fasea hanka puntetan pasa ohi dugu. Batez ere, prebentzioan nahiz hezkuntzan jarri behar ditugu indarrak, eta hondakin gutxiago sortzea sustatuko duten legeak martxan jarri.
-Hondakinak sortzen dituenaren ardura dira, bai hirikoak bai lantegikoak. Beraz, arduraz jokatu behar dugu eta ahalik eta gehien lagundu ondo tratatuak izateko. Baina koherentziaz joka dezagun: inork uste du hondakinak erretzeak –erraustegia, kasu- kontzientziazio ekologikoan laguntzen duela?
-Zabor onena, sortzen ez dena. Bilgarri gutxiko produktuak erabil ditzagun; birziklatzen dugun bakoitzean lehengai eta energia kontsumoa murrizten ditugu. Gogoko ditugu murriztu, birziklatu eta berrerabili aditzak.
-Nahiz eta oso erosoa ez izan, hobe etxean zaborra ondo bereiztea, zabortegira edo erraustegira eraman baino, ingurugiroa apur bat gehiago ez pozoitzeko. Erraustegia aukera bat da, baina ez bakarra. Badaude alternatiba eraginkorragoak, ekologikoak, osasuntsuagoak eta ekonomikoki bideragarriagoak. Hondakinen gutxieneko sortzearekin eta birziklatzea hobetuta, erraustegiak ez du zentzurik.
-Zabor organikorako edukiontzi marroia jartzea aurrerapausotzat jotzen dugu, nahiz eta ez izan guk nahiko genukeen norabidean. Izan ere. zerbait birziklatzea, ezer ez birziklatzea baino hobea da. Hori dela eta, herritar guztiei dei egin nahi diegu zabor organikorako edukiontzi marroia erabiltzera.
Eta Urretxuko Udalaren asmoa? Guk behintzat argi dugu. Ez gara «Dena ala ezer ere ez»-en aldekoak. Bosgarren edukiontzia jartzea aurrerapausotzat jotzen dugu eta Gobernu taldea atez atekoaren aldekoa izan arren (baita gu ere), uste dugu ezin zaiola muzin egin bosgarren edukiontzia jartzeari. Izan ere, daukagun sistema baino eraginkorragoa baita.
Bultza dezagun denok hondakinen gutxieneko sorkuntza, birziklatze-maila altuena eta eraginkortasun energetiko handiena posible egingo duen sistema.