Gardentasuna eta manipulazioa
Itziar Agirre. Urretxuko EAJ-PNVren izenean.
Tentsioz beteriko azaroaren 28ko udalbatzaren ondoren, eta Bilduko Gobernu Taldeak ateratako prentsa ohar «argitzailearen» aurrean, Urretxuko EAJ-PNVko udal taldeak ondorengoa adierazi nahi du ohar
honen bitartez:
Jakina, udal ordezkarien arteko errespetu beharraren gogoetarekin erabat ados gaude eta eskaera Bilduk egiteak erabat pozten gaitu. Urte luzetan, Urretxu eta inguruko udalbatzetan eraso mota asko (hitzezkoak eta bestelakoak) jasan ditugun udal ordezkariok eskertzen dizuegu. Benetan.
Kaleratu dezuten prentsa ohar horren ondoren, oso argi gelditu zaigu, hain zuzen ere, gardentasuna dela Bilduri falta zaiona.
Udalbatzan faktura existitzen ez zela esan ondoren, ohar hau, gaia nahasi eta udalbatzan esandakoa ixilarazteko saiakera bat besterik ez da izan.
Prentsa-oharrak zera zioen: «Telefonia zerbitzua ematen dion enpresak 2012ko irailean urte horretako abuztuari zegokion fakturan zenbatekoa izugarri igo zen, hain zuzen ere atzerrian egindako datuen trafikoarengatik…
Udal ordezkari batek herriko gaien inguruko harremana mantentzeko egindakoa da eta beste bati transferiezin diren kontuak. Ohiko prezioa baino 13,5 aldiz garestiago kobratu zituen inolako abisurik eman gabe».
Konkrezio falta hain da agerikoa…hau omen da gardentasunare kontzeptua Bildurentzat. Besteak beste, udalbatzan, existitzen ez zen faktura orain existitzen da.
Kontsumoak Alkatesari dagozkiola bere oporretan egindakoak, ez da aipatu ere egiten, ezta kontsumoaren kostua 9.000 eurotatik (BEZ-a sartu gabe?) gorakoa dela ere.
Horrelako kontsumoa sortzeko, zeintzuk izan ziren herriko gaien inguruko harreman transferiezinak? (guk ez ditugu ezagutzen eta hauek frogagarriak dira) Egon al zen transferiezinak ziren lanik? Zeintzuk ziren lan horiek?
Eta zergatik, lan-arrazoiengatik direla hain argi badago, bere poltsikotik ordaintzera prestatu? Zergatik ez da esaten Udalak berak eskatu zuela zerbitzuaren alta?
Zergatik ez zuten Ogasun batzordean 2012ko azarora arte kontatu? Agian, gaiari buruz kalean zebilen izugarrizko zurrunbiloaren ondorioz kontatu al zuen?
Zergatik ez du esaten, gaia tratatu den ia guztietan, oposizioak galdetu duelako izan dela? Enpresak fakturaren ordainketa behin baino gehiagotan erreklamatu duela jakinda, zergatik eman du aditzera gertatutakoaren ardura bere gain hartu duela?
Fakturari buruzkoak ezagutu genituenean, enpresak udalaren erreklamazioa onartzen ez bazuen, Alkateak berak ordaindu beharko zuela esan genizuen, (zuen poltsikotik ordainduko zenutela esan baino askoz lehenago), betiere, lan arrazoiengatik eginiko kontsumoen deskontua egin eta gero.
Eta orduz geroztik, auzia argitu zain gaude. Egoera berdina izango al zen alkatea Bildukoa ez balitz? Ziurrenik, Urretxuko kale nagusiak argazki edo kartelez beteko lirateke, ezta? Oraingoan, berriro ere, Bilduk bere kontzientzia garbitzeko saiakera egiten du guk ordezkatzen dugun alderdiaren iritziz, besteen kaltetan.
Guk gure aldetik, erantzunik gabe dauden galderei erantzun formala erreklamatzen jarraituko dugu, gutxi batzuk baitira oraindik.
Eta ondoren, Urretxu 2020 sozietateari buruz hitz egingo dugu, Arau Subsidiarioei buruz, edo telegidatutako prozesu parte hartzaileei buruz. Ez dugu gardentasuna eta partaidetza, manipulazioarekin nahastea onartuko.