Gizatasun lehortea Eusko Jaurlaritzara iristen denean

Egarria eta gosea, horiek izan ohi dira burura datozkigunak lehortea aipatzen dugunean. 2026 urtea baserritarren oroimenean su marka moduan idatzirik geratuko da, lanaren, miseriaren, sufrimenduaren oroigarri. Baina, besterik ekarriko al du gogora? Bazterkeria? Ahanztura akaso?
Guztiz erreta ikusten ditugun barrutiei begira, ezin ekidin suarekin loturiko esamoldeak burura etortzea, eta noski, ezagunena, “sutan jartzean probatzen dela eltzea!” Eta bizitzen ari garen egoerarako ere neurrira eginikoa dirudi. Alderdi eta politikarienganako konfiantza edo gertutasuna guztiz zalantzan jarria den garai hauetan, entzuteko, ikusteko, laguntzeko prest, borondatez, errespetuz edo enpatiaz gainezka ikusi nahi genituzke herritarron zerbitzura omen daudenak. Baina gizatasun emari horren ordez, lehortea bulego eta aginte aulkietara aspaldi iritsi zela baieztatu ahal izan dugu.
Legegintzaldi mordoa pasa dira Eusko Jaurlaritzak nekazaritza sailik izan ez duelarik, ez behintzat bere horretan, beste batzuekin batuta edo azpitik egon izan baita. Sektoretik eskatu izan ohi dugu departamendu propioa, errekonozimendua, aurrekontu egokiagoa etab. Baina ikusi dugu izen ederreko itsasontziak gutxirako balio duela kapitaina noraezean badabil.
Amaia Barredo sailburuak aukera izan duen guztietan sektoreak dituen arazoen aurrean beste alde batera begiratzea erabaki du. Komertzializazioan gabezia estrukturalak ditu Euskal Herriko lehen sektoreak. Elikadura katearen legea soilik ez, esentzia bera betetzea amets lauso bat da, eta hala izaten jarraituko du agro-industriaren eta distribuzioaren interesak sektorearen beharren aurretik jartzen dituen gobernu batekin. Kooperatiba izaerako enpresak askotan, baina ekoizleak lehentasunen zerrendan urrun jarriko dituztenak.
Argazkia atera, telebista erabili, irratira joan eta lau haizetara lehen sektorearekin zeinen arduratsuak eta konprometituak omen diren esaten arituko da, berak gogo txarrez deituriko mahaian, kopetilun baditu ere sektoreko ordezkariak, baserritarren egoera gordina azalean bizi dutenak. Izan ere, norbere burua zuritzeko asmoz egiten diren adierazpenetan, ez baita egokia nekazal erakundeak (eta ondorioz, baserritar denak) iraintzea, sailburu andereak egin izan duen moduan.
EHNEk egindako saiakera guztien artean (bazka erosketa, ur hornidurak, laguntza zuzenak, etab.) Pradales lehendakariari bilera eskaria ere luzatu zion irail hasieran, baina honek ere erantzunik ez. Parlamentuan adierazpenak bai entzun ditugu lehendakariaren ahotik, berehalako neurriak aginduz. Egoeraren larritasunaren parekoak izango al dira? Edo beste behin, telekomunikabideen berotasunean itxurakeriazko politika egiten jarraitu behar dute? Denbora omen da poligrafo bakarra, baina kasu honetan haren beharrik gabe atzeman dezakegu Pradales lehendakariak zuzentzen duen gobernu hau, Barredo sailburua sektoreko arduradun jarrita, ez dela behar lukeen neurrian ari.












