Goieki: irtenbideak bilatuz
Felix Urkola. EAJ/PNVko Eusko Legebiltzarrerako hautagaia •
Goierriko herri guztiek parte hartzen dute GOIEKI Eskualdeko Garapen Agentzian eta, dagoeneko, ibilbide aski aitortua du eskualdeko ehun sozio-ekonomikoan. Enpresa eta lantegiak elkarrekin harremanetan jartzea; enpresa-sinergia sortzea, ingurumena hobetzeko proposamenak bultzatzea, nazioartekotzeko bideak jartzea, ekintzaileei laguntzea…horiek dira orain arte egin izan dituen lanak eta hemendik aurrera ere egingo dituenak, efikazia bikainarekin egin ere.
Eta ibilbide horren adibide dira 2011n Goiekirekin harreman zuzena eta sistematikoa izan duten 50 enpresa baino gehiago, izan enpresa txiki edo ertainak. Eta harreman horren fruitu izan dira lantegien arteko lankidetza-sareak, nazioartekotzeko proiektuak, gaitasun teknologikoen hobekuntza, produktuen dibertsifikazioa edo bertako produktuak sortzea. Gure eskualdeak berrikuntzarako dituen gaitasun handi horiek berpizteko lankidetza publiko-pribatuaren eredua. Gainera, 2011n Goiekiri emandako bultzadarekin, 25 enpresa sortu dira eta 37 lanpostu berri.
Edozeinetara ere, gaur egun bizi dugun giroak urrats ausartak eskatzen ditu, berrikuntzan eragiteko eta eskualdeko gazteak lan-munduan sartzeko enpresa-ekimen eta proiektuak sustatzeko urratsak, hain zuzen. Zorionez, lanbide heziketarako dugun ingurumariak mesede egiten digu. Espazio berean baititugu Goierri Lanbide-Eskola, Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Eskola eta Lortek zentro teknologikoa. Horrez gain, kontuan hartzen badugu eskualdeko enpresa askotan bulego tekniko kualifikatuak ari direla lanean, begi bistako ondorioa ateratzen dugu eta da, Goierrin badagoela sormenari eta enprendizaiari begirako behar adinako masa kritikorik.
Gauzak horrela, orain bi urtetik hona, GOIEKIn badugu anbizio handiko programa bat, NEW BUSINESS FACTORY (NBF) izenekoa, mundu mailan sortzen eta gailentzen ari diren joera eta sektoreak nondik nora doazen antzemateko. Horietatik, gero, gure eskualdeko enpresek berrikuntzarako behar dituzten hauspo bezala erabiltzeko aztertu eta aukeratzen dira, edo gure heziketa-zentroetatik ateratzen diren gazte profesionalek lan egiteko negozio-planak sortzeko. Hori guztia GOIEKItik hauspotuta eta proiektu horiek sendotasunez asentatu arteko sustatzaile gisa.
Bistan dago, beraz, NBF proiektua anbizio handikoa dela eta hori garatu nahi badugu, bizkortzeko bultzada behar duela. Goieki osatzen duten udalen eta gainerako toki-administrazioen babesa eta bultzada, baina baita eskualdeko enpesa-sektorearena ere. Bultzada hori emateko lantalde tekniko profesionala sortu beharko litzateke, eta gehienez hiru urteko epean negoziorako plan berriak martxan jarri.
Jakin badakigu zein egoera ekonomiko ahula bizi dugun gaur egun, baina hori bezain egia da, krisi eta ziurgabetasun garaitan sortzen dela aukera gehien, eta horregatik, apustuak egiteko garaia da eta erabakiak hartzeko garaia da. Lehentasun-gaia da, eta ez eskumenena udalentzat. Gure ustez, udalek enplegua eta aberastasuna sortzeko mamira jo behar dute bizi dugun egoera honetan, sormena eta enprendizaia lagunduz gure kasuan.
Ez da aurre egiten diogun lehen krisi ekonomikoa. Antzeko garai zailak bizi izan ditugu ez hain aspaldi eta aurkitu genuen aurrera jotzeko biderik. Atera gaitezke orain ere, agente ekonomiko sozial publiko eta pribatu guztien lankidetzarekin. Guztion lanarekin gaindi dezakegu gaur egungo egoera. Garai batean guztion artean egin bagenu, egin dezakegu orain ere.