Gurea Ikurriña!
Lazkaoko Udalak, Euskal Herriko beste hainbat herrik bezala, Estatu Espainiarra ordezkatzen duen Urkijo jaunaren agindua jaso zuen 2013 urtean; bandera espainiarra udaletxeko balkoian jarri beharra zegoen. EH Bildutik eztabaida antzuetan ez sartzea erabaki genuen. Nortasun ikurren talka batean sartu ordez, Lazkaon bizi garen herrialde ezberdinetako banderak jartzea erabaki genuen, espainiar bandera besteak baino gehiago, ez gutxiago dela irudikatzeko.
Erabaki hori Espainiar Gobernuaren gustukoa ez dela izan argi dago. Izan ere, oraingoan bandera espainiarra denen gainetik jartzeko agindua iritsi baita. Gainontzeko herrialdeetako banderak kentzera ere behartzen dute udala. Zehaztasunak argiak dira: bandera espainola erdian eta bere hagan jartzera derrigortzen dute udala, alboan Ikurriña eta Europar Batasunekoa jarri besterik geratzen ez zaigularik.
Hau ez betetzeak, udalarentzat eta udal arduradunentzat ekar ditzakeen ondorioen mehatxuak ere jasotzen ditu epaiak: isun ekonomikoak, inhabilitazioak, etab. Lazkaoko EH Bildutik, berriro ere, Lazkaotarren nahiaren aurkako inposizio hau salatu nahi dugu. Ikurriñak, Euskal Herri osoa eta euskal gizartearen gehiengoa batzen dituen bitartean, Espainiar bandereak, inposaketa, errepresioa eta erabakitzeko dugun eskubidearen ukazioa barnebiltzen baititu.
Hori dela eta, mobilizatzeko deialdia luzatu nahi dugu. Inposaketen gainetik, gure Ikurriña dela aldarrikatzeko. Horretarako, bihar, asteazkena, 19:30ean kontzentrazio bat egingo dugu Lazkaoko plazan.
Lazkaoko EH Bilduren izenean. Azeari Andonegi, Kepa Goenaga, Haizea Mendia, Maialen Aldasoro, Arantza Bengoa, Urtzi Iruin eta Imanol Aran.