Ikurrina, espainola jartzea ezkutatzeko
Patxi Albisu, Felix Urkola, Ane Irastortza, Milagros Madrazo eta Inazio Estensoro (EAJren zinegotziak). Lazkao.
Lazkaoko EAJ-PNV alderdia osatzen dugunok Bilduk egingo duen ikurrinaren erabilera salatu nahi dugu. Udaletxean bandera espainola jartzeko erabakia hartu behar duenean, Bildu erabaki hori ezkutatzeko ikurrina erabiltzen ari dela uste dugu. Horregatik, ikurrinaren alde omenaldia antolatzeko aurreko ostegunean osoko bilkuran aurkeztutako mozioaren aurrean abstenitu egin ginen eta proposatutako ekitaldietan ez dugu parte hartuko. Alkatetzari dagokio erabakia hartzea: udaletxean bandera espainola bai ala ez.
2007an PPk bandera espainolaren alde mozioa aurkeztu zuen eta orduan ikurrinaren alde dugun konpromisoa berretsi genuen. Bandera espainola jarri ala ez: Alkatetzari dagokio orain erabakia hartu eta ondorioak onartzea. Hau da errealitatea eta ikurrina omentzeko aurkeztutako mozioak hori ezkutatu nahi du.
Ezker Abertzaleko ordezkariei atzera begiratzeko ere eskatu nahi diegu. Izan ere, bere egoitzetan gure siglak ikusi izan ditugu behin eta berriz bandera espainolaren koloreekin nahastuta eta PNV español, PNV traidor, PNV vendido eta antzeko leloekin. Irainak erabili dituzte edozein aitzakia erabiliz eta gure jendearen artean sufrimendua eraginez.
ETAren bukaera iritsi denean ulertzen dugu hau guztia gainditzeko garaia heldu dela. Horregatik eskatzen ari gara behin eta berriz legealdi honetan, gure arteko gerturatzea eta bakegintza lantzeko prozesuren bat martxan jartzeko. Konpromisoa hartu zuten baina ez dute ezer egin. Eta orain gure konplizitatea nahi dute Lazkaoko udaletxean bandera espainola jartzeko.
Markel Olanok (EAJ-PNV), diputatu nagusi ohiak, aurreko legealdian Foru Aldundian plaka bat jarri zuen bandera espainola jartzearen inposaketa gaitzesteko. Orduan Ezker Abertzaleak EAJren eta Hamaikabaten aurka esandako hitz gogorrak ere gogoratu nahi ditugu: «Ariketa hutsa, hipokresia, ikurrinarekiko alderdi hauen konpromiso eza…». Jeltzaleok orain iritsi den aginduaren aurrean Bilduk koherentziaz jokatuko zuela espero genuen. Erantzun intsumisoa edo antzekoren bat gutxienez. Ez, ordea, ikurrinaren atzean ezkutatzea.