Jaramonik ez atez atekoaren kontrako sinadurei Lazkaon
Agurtzane Lasa (Lazkao Birziklatuz taldearen izenean). Lazkao • Lazkaoko Udala gobernatzen duen alderdiak, Bilduk, ez ditu kontuan hartuko zabor bilketarako atez ateko sistema jartzearen kontra jasotako 1.764 sinadurak. Hori erantzun dio udaleko gobernu taldeak Lazkao Birziklatuz herri taldeari eta honek aurkeztutako notaritzako dokumentuari. Gobernu taldeak «herritarrengan ustea» duela eta birziklatzearen aldeko hautuari «ikaragarrizko balorea» ematen diola esan du. Baina bere apustua birziklapena eremu guztietara eramatea dela agertzen du, «parte hartzen ez duten herritarrei mugak jarriz». Era berean, harridura azaltzen du, esanez birziklatzearen aldekoak bagara, atez atekoaren alde egin beharko genukeela, «bilketa sistema honek %80ko emaitzak eman ditzakeela ikusita». Herritarrengan ustea? Seguru? Konfiantza duelako inposatu behar du atez atekoa? Gure ustez, konfiantza izatea eta inposaketa bateraezinak dira. Konfiantza ez duelako inposatu nahi du Bilduk atez atekoa. Egia da birziklatzen ez dutenei mugak jarriko dizkiela. Baina atez atekoak batik bat birziklatzen dugunoi jarriko dizkigu mugak. Beraz, ustez konfiantza ematen dieten herritarrak zigortuko dituzte. Atez atekoa ez da zabor bilketaren datu onenak ematen dituen sistema. Ez dugu %80ko datu hori zalantzan jarriko. Eta ez gara Estatu Batuetaraino joango. Itsasondon datua %90ekoa da. Hamar puntu gehiago, edukiontziak erabiliz eta horien ondoan errefusarentzat zintzilikarioak jarrita. Orain, ordea, Itsasondon (Bildu) atez atekoa jarri behar dute. Zergatik, [...]
Agurtzane Lasa (Lazkao Birziklatuz taldearen izenean). Lazkao •
Lazkaoko Udala gobernatzen duen alderdiak, Bilduk, ez ditu kontuan hartuko zabor bilketarako atez ateko sistema jartzearen kontra jasotako 1.764 sinadurak. Hori erantzun dio udaleko gobernu taldeak Lazkao Birziklatuz herri taldeari eta honek aurkeztutako notaritzako dokumentuari.
Gobernu taldeak «herritarrengan ustea» duela eta birziklatzearen aldeko hautuari «ikaragarrizko balorea» ematen diola esan du. Baina bere apustua birziklapena eremu guztietara eramatea dela agertzen du, «parte hartzen ez duten herritarrei mugak jarriz». Era berean, harridura azaltzen du, esanez birziklatzearen aldekoak bagara, atez atekoaren alde egin beharko genukeela, «bilketa sistema honek %80ko emaitzak eman ditzakeela ikusita».
Herritarrengan ustea? Seguru? Konfiantza duelako inposatu behar du atez atekoa? Gure ustez, konfiantza izatea eta inposaketa bateraezinak dira. Konfiantza ez duelako inposatu nahi du Bilduk atez atekoa.
Egia da birziklatzen ez dutenei mugak jarriko dizkiela. Baina atez atekoak batik bat birziklatzen dugunoi jarriko dizkigu mugak. Beraz, ustez konfiantza ematen dieten herritarrak zigortuko dituzte.
Atez atekoa ez da zabor bilketaren datu onenak ematen dituen sistema. Ez dugu %80ko datu hori zalantzan jarriko. Eta ez gara Estatu Batuetaraino joango. Itsasondon datua %90ekoa da. Hamar puntu gehiago, edukiontziak erabiliz eta horien ondoan errefusarentzat zintzilikarioak jarrita. Orain, ordea, Itsasondon (Bildu) atez atekoa jarri behar dute. Zergatik, datu onenak hemen lortzen badira? Argi dago zein den erantzuna: Bilduren helburua ‘bere’ sistema ezartzea delako, emaitzak alde batera utzita. Zergatia ez dakigu. Baina ez dago zalantzarik Itsasondon gertatutakoa ikusita.
Lazkao Birziklatuz taldean gaudenok, atez atekoaren kontra sinatu zenuten 1.764 lazkaotarrei gure esker ona helarazi nahi dizuegu. Birziklatzearen alde egin dugun hautua berretsi nahi dugu. Bilduren jarrera inposatzailea salatu nahi dugu, bilketaren datu onenak Itsasondon eman direla gogoratuz. Eta Lazkaoko eredua garatzearen aldekoak garela esan nahi dugu. Datu onak ematen dituen eredua, horiek hobetzeko Bilduk ezertxo ez badu egin ere.