Josetxo Zeberio preso beasaindarrak gutun bat sinatzeko eskatu du, lekuz mugitu ez dezaten
Beasaingo Etxerat elkartetik jakinarazi dutenez, Josetxo Zeberiok zera eskatu du: berak idatzitako gutun bat sinatu eta Frantziako justizi ministeritzara bidaltzea, handik mugitu ez dezaten eskatuz (bidalketa Etxeratek egingo luke). Gutuna sinatzeko egun edota leku desberdinak jarri dituzte Beasainen herritarrei aukera gehiago emateko asmoz.
Etxeratek honela azaldu du Zeberioren egoera aldatuko duen legearen harira: «Frantziar gobernuak neurri berri bat jarri nahi du martxan, bertan dauden hegoaldeko euskal presoen inguruan, printzipioz bertatik atera eta beraien familietatik gertuago eramateko asmoz». Baina Etxeratekoek azaldu dute «presoak beraiek diotenez, neurri honen aplikazioa ez dago batere garbi. Hau da, espainiar gobernuak estatuan zehar dispertsatuko dituztelakoan daude presoak, guzti honek suposatzen duenarekin. Agian, kasu batzuetan, dauden baino urrunago eramatea eta egoera okerragoetan», azaldu dute. Horregatik behean azaltzen diren egun, ordu edo lekuetara gerturatu eta Zeberiok eskatutako idatzia sinatzea eskatzen dute Etxeratetik, lekuz alda ez dezaten: «Josetxok zure elkartasuna behar du!».
Ostiralero: Preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzean, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Abenduak 20ean eta 27an: Plaza azpian jarriko den mahaian, arratsaldeko 17:30etik 20:30era. Herri dendan: Ostiralero 17:00tatik 19:30tara eta larunbatero 10:00tatik 13:00tara