Lasterketa bat baino gehiago
Ofizialki igandean amaitu zen Ehunmilien VI. Edizioa. Ofizialki diot, lasterketan parte hartu genuen askok egun batzuk beharko baititugu gorputzak jasotako egurrari buelta emateko. Direla min muskularrak, direla babak edo bestela belauneko edo auskalo nongo minak. Tira, lasterketaren ajeak.
Aurten, lasterketa polita izan dugu. Eguraldia lagun, aurrean ibili ziren lasterkariek erakustaldia eman zuten, proba osoan zehar postuak trukatuz eta mokoka ibiliz. Lehia horren adibide garbia da San Adrian arte (140 kilometro egin ondoren!) ez zirela hasi aurreko postuak definitzen. Nabari da urtetik urtera lasterkarien maila gorantz doala.
Ez da erraza horrenbeste kilometro, malda eta ordu hitz gutxitan laburbiltzea. Baina esan dezaket, inongo zalantzarik gabe, Ehunmiliak lasterketa bat baino gehiago dela. Kilometroz kilometro eta maldaz malda intentsitatez igotzen doan esperientzia bat da. Momentu onak eta txarrak bizitzen dira eta une horiek, batez ere txarrak, kudeatzean dago lasterketaren gakoa. Bai, egia da arlo fisikoa oso ondo zaindu behar dela eta indartsu egon behar dela parte hartzeko. Baina, esan bezala, burutik fisikoki baino sendoago egon behar da halako esfortzuan mamuak uxatu eta kemenez jarraitzeko.
Amaitzeko, aukera hau baliatu nahiko nuke Ehunmiliak lasterketa egi bihurtzen laguntzen duzuen guztioi (antolatzaile, laguntzaile, babesle eta bolondres) eskerrak emateko. Badakit lasterkarien esfortzua eta sasoia miresten dituzuela, baina goraipatzekoa da une oro zuek eskaintzen diguzuen laguntza eta ematen diguzuen babesa. Gure lana txiki geratzen da zuenaren aldean. Mila esker danoi eta hurrengora arte!