Lazkaokoa Gipuzkoan eredu
Agurtzane Lasa (Lazkao Birziklatuz taldearen izenean)
Lazkao Birziklatuz taldeak Lazkaoko alkateari udalerrian atez atekoa jartzeko erabakia geldiarazteko eta gaur egun dugun txipa duen edukiontziaren erabilera garatzeko eskatu diogu.
Bildu atez atekoa jarri behar zuen hainbat herrietan iritziz aldatzen ari dela ikusita egin dugu eskaera.
Izan ere, ez dugu ulertzen Legazpin, Zumaian, Beasainen, Ormaiztegin, Azpeitian edo Zarautzen atez atekoa jartzeko erabakiarekin atzera egin, horietako batzuek Lazkaon dugun eredua aukeratu eta Lazkaok, eredua sortu eta zabaldu duen herriak, kentzea.
Donostian ere PSEk eta Bilduk txipa duen 5. edukiontzia jartzea adostu dute, tasetan hobariak ezarriz.
Bi urteotan udalak ez du ezer egin lazkaotarroi zaborrak ondo sailkatzen irakasteko. Ez dugu apenas jaso sentsibilizazio eta informazio kanpainarik. Zergatik ez?
Argi dago herritik kanpora hartutako erabakia onartu zuela gure udalak, beste 33rekin batera, atez atekoaren hautua egin zuenean. Orain berriz horietako batzuk atzera egin eta, Lazkaora begira jarri dira!
Lazkaoko Bilduri herrian dugun sistema garatzeko eskatzen diogu. Eta gure eskaerari erantzuteko, izan ere otsailaren hasieran atez atekoa jartzeko erabakia urte betez atzeratzeko eskatu genion eta ez dugu oraindik erantzunik jaso.
Bide batez, gogoratu nahi dugu Lazkao Birziklatuz taldeak 1.764 herritarren sinadurak ordezkatzen dituela.