Legazpiko Udalari esker onez
Musika eskolako egoitza berria Agirre-Etxeberri etxean kokatuko dela eta, Doinua Musika eskolako zuzendaritzak eta irakasleek udaleko batzordeari eskerrak eman nahi dizkiogu Doinua Musika Eskolaren izenean:
Lehenik eta behin Doinua Musika Eskolako irakasleok eskerrak eman nahi dizkizuegu gure kokapen arazo honi irtenbide egokia eta azkarra emateagatik.
Musika Eskolako hasiera ez zen batere erraza izan. Enparantzan eta Haztegin eskolak eman ondoren, Saturnino Telleriara etortzea aurrerapauso handia izan zen. Denbora luzean oso ondo moldatu gara bertan, baina azken urte hauetan musika eskolan egon den «erre-eboluzioa» eta ikasle-irakasle hazkundea dela eta, aldaketa bat beharrezkoa zela argi zegoen.
Konponbide bat bilatu nahian herriko talde ezberdinek ordainezina den laguntza eman digute, eta hori ere eskertzekoa da, benetan.
Bestalde, txalotzekoa da bizilagunek gurekiko izan duten jarrera ulerkorra eta pazientzia. Soinu arazoak direla eta, egunero jasan behar izan baitute gure musika jarioa.
Hainbeste urte egoera honetan igaro ondoren, asko poztu gara horren leku zoragarrian lan egingo dugula jakitean. Aspaldiko partez musika eskolan ematen diren arlo guztiak leku berean izango ditugu.
Dakigunez, aurreproiektua egina dago, baina, nahi izanez gero, prest gaude plangintza hau hobetzen lagunduko duten iradokizunak emateko. Guztion artean Legazpik merezi duen musika eskola bat egin dezagun.
Mila esker!!
Edurne Berasategi. Doinua Musika Eskolaklo irakasle eta langileen izenean.