Legazpin zaborra mintzagai
Legazpin atez-ateko zabor bilketa ereduaren kontra PNVk, PSOE-EEk eta Hamaikabatek sortutako plataformaren gidaritza hartu zutenek udal-gobernuarekin hainbat bilera egin zituzten zabor-bilketa ereduan sortu zen desadostasunari konponbide bat aurkitu asmoz. Bilera haien ondorioz, udalbatzarrak sistema mistoa ezarri zuen. Plataformak, ordea, bere haserako planteamenduetatik mugitu gabe eredu berriaren kontra desobedientzi zibila egitera deitu zuen.
Desobedientzia zertan gauzatzen ari da? Dituzten jarraitzaile asko zer egiten ari dira? Zaborra jasotzeko ereduari aurre egin baino gehiago atzean utzitako hamarkadara atzeratu dira, sortzen dituzten hainbat hondakin ez dituzte bereizten, hauen birziklatzea ezinezkoa eginez eta materiala alferrik galduaraziz. Guzti honek, besteak beste, baliabide natural gehiago erabili behar izatea ekartzen du.
Beraz, gaur egun Legazpin hondakinen % 81 gaika biltzera heldu bagara ez da plataformak izan duen iniziatibak lagundu duelako, honek aurreko egunean aditzera eman zuen moduan, udaletik abian jarritako sistema mistoaren ondorioa baizik. Beraien proposamenak zer ekarri duen kalean ikusten diren poltsak (gaika sailkatu gabeko hondakinak) begiratzea besterik ez dago.
Herrian sortu den konfrontazioa, ordea, ez dute beraien gain hartzen, errua udal batzarrari eta Alkateari leporatzen diote. Udal batzarrak, plataformaren ekarpena kontuan izanda, eztabaidari konponbidea eman nahian eredu mistoa ezarri du. Plataformak zer egin du? Udaletxetik antolatutako hitzaldietara eta zaborra biltzeko beste moduak ezagutzera ez joateko eskatu du, herritarren kezkak, iritziak eta proposamenak eztabaidatzeko egin diren deialdietan parte ez hartzea bultzatu du eta Udaletxetik etorritako edozein proposamen itxura egitea dela esan du. Zeinek bilatu du konponbidea eta zeinek xextra?
Jesus Mari Urbegain Zabaleta (Legazpi)