Oiangualden ez txaletik, ezta urbanizaziorik ere
Hiru hilabete eskas igaro dira Oiangualden urbanizazio bat egiteko plan partzialaren aldaketa Ordiziako Udalak behin-behinean onartu zuenetik. Jatorrizko plana 2008koa da, krisiak geldiarazia, eta gaur egun guztiz zaharkitua eta ulertezina. Proiektuak balio agroekologiko handiko lurretan luxuzko urbanizazio isolatua egitea aurreikusten du. Egungo aldaketak 54 etxebizitzatik 82ra igotzea proposatzen du, udalaren arabera lurraren aprobetxamendua hobetu eta etxebizitza aukera gehiago eta merkeagoak eskaintzeko.
Ordizian etxebizitza arazo larria dago, bereziki gazte eta baliabide urriko familien artean. Baina behar hauek dituzten pertsonentzat inola ere eskuragarri izango ez diren etxebizitza hauek ez diote arazoari erantzuten. Beraz, ezin da aitzakia horrekin justifikatu ingurumenean eta herrian kaltea besterik eragingo ez duen honelako proiekturik. Herrigunetik aldendutako urbanizazioek azpiegitura eta zerbitzu publikoen kostuak handitzen dituzte, garraio pribatua bultzatzen, kutsadura areagotzen eta udalaren mugikortasun planaren aurka doaz. Halaber, gizarte-segregazioa eragiten dute, baliabide ekonomiko handikoentzat gune itxiak sortuz, elkarbizitza oztopatuz eta arrakala soziala handituz.
Oiangualdeko lurrek balio agroekologiko ukaezina dute. Ordiziako Udalak aldarrikatzen duen elikadura burujabetzaren eta tokiko ekoizpen-ereduaren bidean, ezinbesteko baliabideak dira, eta ezin dira espekulaziorako bideratu. Gainera, 2006ko Lurzoru Legearen arabera, plan zaharrak eta aldaketak egokitu egin behar dira, babes ofizialeko etxebizitzak eta erabilera publikoko espazioak aurreikusteko. Proiektuak ez du hori betetzen.
Are gehiago, 2016ko Plan Orokorraren Aurrerapenean Oiangualde jarduera ekonomikoetarako eta ekipamendu estrategikoetarako aurreikusten da, ez etxebizitza espekulatiboetarako.
Horregatik, Ordiziako Udalari eta ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatzen diegu planaren aldaketaren aurka bozka dezatela. Horrela egingo balute, ezinezko lizateke 82 etxebizitzako proiektuarekin aurrera jarraitzea eta proiektuak bideragarritasun eskasa luke. Honek, gainera, udalari eta eragileei proiektua behin-betiko geldi arazteko aukerak zabalduko lizkieke. Goierri Eskola eta La Granja inguruko eremua ez ezik, Ordiziaren etorkizuna jokoan dago. Horregatik diogu: Oiangualden ez dugu nahi ez txaletik, ez urbanizaziorik. Herri jasangarria, integratua eta orekatua nahi dugu.