
EAJ-PNV-k kontsulta egiteko mozioa aurkeztu zuen azkeneko osoko bilkuran . EH Bilduk aurka bozkatu zuen.
Joan den azaroaren 10ean ospatutako osoko bilkuran Segurako Udalak atzera bota zuen EAJ-PNV-k aurkeztutako mozioa. Bertan eskatzen zen herriko zaborbilketa sistemari buruzko kontsulta egitea. Mozioak aurkako bost bozka (EH Bildu) eta aldeko lau (EAJ-PNV) jaso zituen.
Azken hilabete hauetan EAJ-PNV udal taldea behin eta berriz ahalegindu da Seguran agintean dagoen EH Bildurekin gai honi buruzko eztabaida eta negoziazio prozesua aurrera eramaten. Zentzu horretan, beste mozio bat ere aurkeztu zuen Segurako Udalean pasa den irailean. Zoritxarrez, ahalegin guztiak alferrikakoak gertatu ziren eta negoziazioak etenda gelditu ziren. Segurako EH-Bilduren jarrera guztiz ulergaitza gertatzen da. Izan ere, bi alderdiok inguruko udalerritan –Legorreta eta Ibarra, esaterako– akordioak lortu ditugu atez atekoa kendu eta bosgarren kontenedorea jartzeko.Guzti hori kontuan hartuta, EAJ-PNV udal taldeak joan den azaroaren 10ean ospatutako osoko bilkuran zaborbilketa-sistema aldatzeko mozioa aurkeztu zuen. Bertan honako puntu hauek jaso ziren:
- Herri kontsulta egitea, zabor bilketarako aipatutako bi aukeren artean herritarrek erabaki dezaten. Zehazki, hau izango da kotsultapean jarriko den galdera: Seguran zaborrak biltzeko zein sistema nahi duzu, gaur egun indarrean dagoena (atez atekoa) edo bostgarren kontenedorearena (gai organikoa biltzeko)?
- Herri kontsulta 2017ko lehenengo seihilekoan burutuko da.
- Udalak berehala hasiko ditu beharrezko diren izapide edo tramiteak herri kontsulta berme guztiekin burutzeko, berori legezkoa izateko eta emaitzak, bete beharrekoak.
Arestian aipatu bezala, mozioa atzera bota zuen Segurako Udalak, aurkako bost bozka (EH Bildu) eta aldeko lau (EAJ-PNV) jaso zituela.
–M. Angeles Aristimuño, J. M. Muñoa, Xabier Gabilondo eta M. Karmen Arruabarrena
(Segurako EAJ-PNVko zinegotziak)