Tradizioak traizio
GUTUNA –Jexux Aizpurua Barandiaran. Ataun.

Tradizioa, urteen poderioz, antzinatik datorren usadioa da. Batzuetan luze iraun ohi du, beste batzuetan bazterrera geratu ohi da arrazoi jakinik gabe; batzuk fermuki eusten saiatzen diren heinean, beste batzuek nola edo hala gutxietsi egin ohi dute.
Gehienetan ez da jakiten tradizioaren arrazoia eta noizkotasuna. Jakiteak ematen dio indar berezia; ez jakiteak, aldiz, misterio-kutsua. Nork du bide horren ataka? Tradizioa giza-talde baten oroimen eta ondaretzat har daiteke; berez, inori edo ezeri kalterik egin behar ez liokeena.
Dena dela, bada tradizio ororekin eten eta mundu berria egin behar dela dioenik ere, aurrerakoitasunaren arerio balitz bezala. Antzinako gauzak, gurasoen zerak, atzerakoikeriatasunaren ikurtzat hartzen dutenak ere ez dira bat edo bi. Gaurko mundua oraintxe sortua, edo oraintxe jaioak edo oraintxe dena asmatu beharreko aro erakargarria omen denaren jarraitzaile purrukatuak.
Kolore beltz eta zuriaren artean bada zurixka-belzkarra; nik hauxe nahiago. Aste honetan jabetu naiz, Ataun aldetik barrena, etxe eta baserri-ateetan gero eta lizar-adar urriago ipini dela, ekiak goitasuna jo duenean.
Zer da lizarra? Zergatik ipintzen dira leiho eta ateetan? Eta sanjoan-arbola? Tradizioaren transmisioarenak egin ote du?
–Jexux Aizpurua Barandiaran (Ataun)