Xabier Intxaustiri esker onez
80ko hamarkadaren erdialdea huen, ile eta bizar gorri haiekin, Mini berde hartan osatu berria zen Zegamako Herri Eskolara agertu hintzenean. Soinketako (Gimnasia deitzen genioan orduan) irakasle gisa. Instant batean, eskolaz kanpoko kirolaren antolaketarekin hasi hintzen eta hor egin dituk ia 40 urte gure artean, erretiroa hartu berri duan arte. Haur gisa, entrenatzaile laguntzaile bezala eta guraso bezala izan haut bidelagun urte hauetan guztietan. Goierriko herri guztietara iritsiko gintuan, Minian hasieran, Alfa Romeo gorri hartan gero, Peter Gabriel-en Biko eta Afrikako doinu ezezagunak entzunaz.
Bizitzan arrastoa uzten duten pertsonak izan ohi dituk: senitartekoak, lagunak, lankideak, arduradunak, irakasleak, disziplina anitzeko liderrak… eta nik multzo horretan sartzen haut, Xabi. Izan ere, arrastoa utzi duk, hik zabaldutako balioek gure bizitzetan eragina izan dutelako. Kirola huen ,bai, eskolaz kanpokoa, ez-federatua, eta leiala izan hatzaie kiroltasunaren printzipioei hire lan ibilbide osoan. Lehenik eta behin, gurean ezezagunak ziren hamaika kirol erakutsi hizkigun (badmintona, boleibola…). Kirol horietan nesken parte-hartzea sustatzen ere aurrenetakoa izan hintzen. Futbola eta pilota baino kirol gehiago bazeudela eta, hauek ikasteko gonbita luzatu higun, eta gero erabakiko genuela zeinetan sakondu nahi genian.
Baina gauza horien guztien gainetik, pertsona bakoitzaren duintasuna azpimarratzen huen. Denok gintuan taldeko partaide. Partidaren emaitza gutxienekoa huen, garrantzitsuena kirolaren bueltan, denok Taldeko partaide sentitzea huen. Eta hori lortu egin huen. Gure barrenean ondo iltzatuta geratu zaiguk denok elkarrekin askoz urrutiago iristeko gai garela nahiz eta mantsoago heldu; ez dagoela garaipen handiagorik Taldeko kide guztiekin eta denen parte-hartzearekin ospatzen dena baino.
800 bat haur diren eta izan ginen zegamarrok hire katekesia jaso diagu urte hauetan guztietan, eta uste diat hire ondarea begi-bistakoa dela. Herri kirolzalea eta Taldearen indarra lehenesten dugun herria garela esango nikek. Eskerrik asko guztiagatik, Xabi!