
Nork irabaziko du aurtengo Zegama-Aizkorri? Ez da erraza izen bakarra ematea, baina aditu eta parte-hartzaile gehienak bat datoz aurreneko postuetan zein korrikalari ibiliko diren esaterakoan. Zegama-Aizkorri 7 aldiz irabazi duen
Kilian Jornet katalana bertan izango da, eta ziurtzat jotzen da podiumeko lehen bi postuetan izango dela. Aurten sorpresa eman dezakeena, ordea,
Remi Bonnet suitzar gaztea da. Ume aurpegia eta gorputz zimela dituela eman arren, korrika ikusi dutenek garbi dute aurtengo proba irabazteko faborito nagusietako bat dela. Hirugarren postua irekiago egongo dela dirudi.
Aritz Egea urretxuarra izan liteke lehia horretarako hautagaietako bat.
Emakumezkoetan berriz, lehia irekiagoa espero da.
Azahara Garcia iazko irabazlea bertan izango da, eta bigarren tituluaren bila aterako da.
Megan Kimmel ere sasoiko dago, eta Zegaman aurreneko urtea badu ere, denboraldi ona egiten ari da. Eta noski,
Oihana Kortazar euskalduna ere han izango da, dena emateko prest.
Izen horietako batzuk Zegaman bildu dira gaur, mendi maratoiaren prentsa aurreko aurkezpen ekitaldian. Han ziren Saul Antonio Padua, Remi Bonnet, Oihana Kortazar, Aritz Egea eta Megan Kimmel. Aitor Elduaien kazetariak egindako galderei erantzun diete. Hona hemen egin dituzten adierazpenetako batzuk:
SAUL ANTONIO PADUA:
“Gogoz eta fisikoki ondo nator, proba on bat egiteko prest. Beste zenbait tokitan maratoiaren aurretik bertikala ere egin izan dut, baina hemen nahiago dut indarrak gorde, Zegaman ezin delako ezer oparitu”.
“Lasterketa honetan oso izen handiak daude, eta ez naiz ausartzen faborito bat edo beste dela esaten”.
“Bideoak eta ikusi ditut eta zaleen berotasun hori bertatik bizitzeko gogoz nator”.
REMI BONNET:

“Faborito jotzen naute baina ni ez nago hain ziur. Hala ere niretzat ez da presioa. Probaz gozatu nahi dut eta esperientzia handiagoko jendearekin ikasi”.
“Faborito bat? Kilian Kilian da eta hor egongo da. Aritz ere bai, bere proba delako, eta hortik aurrera uste dut oso irekita egongo dela”.
“Zegama euriarekin lotzen dut, eta egia esan ez dit inporta eguraldiak, edozein modutara ere proba gogorra izango da eta. Niretzat dibertigarriagoa da lokatza eta euria denean”.
OIHANA KORTAZAR:

“Eguraldi txarra dago iragarrita, baina urtez urte eguraldi ezberdinarekin korrika egitea tokatu zaigu, eta dagoenarekin aurrera egin behar da. Indartsu eta gogoarekin nator; beti dago gorputzak nola erantzungo duen beldurra, baina entrenamendua eginda eta sentsazio onekin nago”
“Emakumezkoetan Azahara (Garcia) eta Megan (Kimmel) ikusten ditut faboritoen artean. Guretzat lasterketa berezia da hau, eta ziur nago euskal selekzioko korrikalariak ere aurreneko postuetan ibiliko garela”
ARITZ EGEA:
“Lau orduko mugari errespetu handia diot, oso korrikalari gutxik lortu baitute hortik jaistea. Ikusiko dugu, ea oraindik ez naizen nire mugara iritsi. Urtez urte koska bat gora egin dut eta ea aurten ere zer edo zer hobetzen dudan”.
“Nahiko garbi daukat irabazleak aurten marka egingo duela, eta irabazle hori hemen eserita dago. Jendeak flipatu egingo du Bonnetekin; berarekin korrika egin dut eta badakit zertarako gai den”
MEGAN KIMMEL:
“2010ean izan nintzen Zegaman, baina entrenamendu moduan hartu nuen. Aurten orduko emaitzak hobetzeko asmotan nator, distantzia horretako Munduko Koparako lehian ari bainaiz. Nik ere Zegama euriarekin lotzen dut, beraz hori espero nuen honera etortzerako”.