Zumarragako EH Bilduk hondakinen kudeaketari buruz
Aurreko asteazkenean, hilak 27, Mikel Serrano alkateak eta PSE-EEko Ingurumen arloko arduradun politiko Denis Itxasok salatu zuten erraustegia gelditzeak zumarragarroi 145.000 euro kostatuko zaigula. Baina ez da egin zuten adierazpen bakarra, izan ere, horrelakoak ere irakurri ditugu: “Zumarragan, printzipioz, zaborra ez da arazoa”.
PSE-EEko Udal eta herrialdeko arduradun politikoen hain adierazpen demagogiko eta oportunisten aurrean, Zumarragako EH Bildutik honako gogoeta plazaratu nahi dugu:
- Harrigarria da oso, orain arte sekula erraustegiaren kostuaren berri eman ez digutenak, kalkulagailua eskuan dutela azaltzea. Itxaso eta Serranoren esanetan, erraustegia egiteko obra gelditzeak 13 milioi euroko kostua izango du (zehazte aldera, benetan 8 dira eta ez 13 kostatuko zaiguna), baina esaten ez dutena da erraustegia egiteko kostua 500 milioikoa zela. Atera dezatela kalkulagailu sozialista eta ea ze alde dagoen Itxasok aipatutako 13tik 500era.
- Mikel Serranoren eta Denis Itxasoren hitzetan, erraustegia gelditzeak 145.000 euroko kostua izango du Zumarragarentzat. Kalkulagailu sozialista berbera erabiliz, erraustegia egiteak 9 milioi euroko kostua izango zuen Zumarragarentzat. Atera dezatela kalkulagailu sozialista eta kalkula dezatela 145.000 euro eta 9 milioi euroren arteko aldea.
- Ezkutatu duten beste gauza bat da erraustegia egin behar zuten enpresei ordaindu beharreko kalte-ordaina foru eta herri hauteskunde bezperetan EAJ-PNVk sinatutako kontratuaren ondorioa dela. Portzierto, kontratu-sinatzea ospatzeko diru-publikotik ordaindutako 2.860 euroko bazkari xumea egin zuten. Atera kalkulagailua.
- Erraustegia egin izan balitz, Gipuzkoa eta Zumarraga hipotekatzea ekarriko zuen. Are gehiago Gipuzkoan birziklatze-tasak dezente gora egin duenean, erraustegiak ez baitzuen nahikoa materiarik izango errentagarri izateko.
- Denis Itxaso jaunak ba al daki Zumarragako familia kopuru erdiak baino gehiagok ez duela 5. edukiontzia irekitzeko giltzarik jaso oraindik?
- Denis Itxaso jaunak ba al daki Zumarragako birziklatze-tasa %40koa dela, beste zenbait herritakoa %80 den bitartean?
- Zilegi al da birziklatu daitekeen erdia baino gutxiago birziklatzen dugun herriok %80 birziklatzen dutenei erraustegia inposatzea?
- Denis Itxaso jaunak ba al daki Zumarragako Udalak birziklatze-tasaren inguruko helburu neurgarririk ez duela ezarrita? Eta badaki Denisek neurtu ez daitekeena ez dagoela hobetzerik?
- Denis Itxaso jaunak ba al daki Zumarragako azokako hondakinak berezita jasotzeko eskaera mila aldiz egin badugu ere, Zumarragako Udalak ez duela urrats txikiena ere eman hori horrela izan dadin?