Goierriko Hedabideek eta Korrikaren Goierriko lantaldeak hitzarmena sinatu dute
Korrikak Goierriko Hedabideak multimedia taldearen baliabideak erabiliko ditu mezuei ahalik eta hedapen handiena emateko. Gehigarri berezia argitaratuko dute, esaterako.
Goierriko Hedabideak E. M.-k eta Korrikaren Goierriko lantaldeak lankidetzarako hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Goiztiri AEKren Beasaingo bulegoan. Miren Sudupe Goikoetxea Goierriko Hedabideetako kudeatzaileak eta Aitor Aguado Korrikaren Goierri beheko koordinatzaileak izenpetu dute tratua.
Korrikak Goierriko Hedabideak multimedia taldearen baliabideak erabiliko ditu mezuei ahalik eta hedapen handiena emateko. Esaterako, martxoaren 13an, Korrika abiatu bezperan, ale berezia kaleratuko dute. Albisteak, elkarrizketak, ibilbidea eta ordutegia bezalako informazio praktikoa… jasoko ditu. Betiere, eskualdeko ikuspegiarekin.
Korrikako lekukoa Goierrin dabilen bitartean ere estaldura berezia eskainiko diete Goierriko Hedabideak osatzen duten markek: goierri.hitza.eus eta otamotz.eus atari digitalek eta Goierriko Hitza egunkariak, bereziki. Karabana zuzenean jarraitzeko aukera egongo da eta eguneko argazki bilduma ere egingo dute.
Korrika martxoaren 23an iritsiko da Goierrira, azken aurreko egunean. Udanan behera, karabana 05:45ean helduko da Legazpira eta 12:42an joango da Legorretatik Tolosaldera. Handik, Baionara egingo du, igandean hamaika eguneko eta 2.791 kilometroko ibilbideari amaiera emateko. Harro herri lemapean egingo da 23. Korrika. AEKren euskararen aldeko ekimenak eskualdeko herri gehienak zeharkatuko ditu. Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Ezkio, Itsaso, Gabiria, Mutiloa, Zerain, Segura, Idiazabal, Olaberria, Lazkao, Beasain, Ordizia, Itsasondo eta Legorreta igaroko ditu lekukoak.
Materiala, salgai
Korrika laguntzeko materiala salgai dago. Denda birtualean etengabe egin daitezke eskariak eta Beasaingo lokala ostiraletan (17:00-20:00) eta larunbatetan (10:30-13:00) dago irekita. Beste hainbat herrietan ere ireki daitezke denda, ekintza jakin batzuen inguruan. Horien berri ere emango dute Goierriko Hedabideetako komunikabideek. Harpidedunen artean zozkatu ere egingo dira. Hemen egin zaitezke Hitzakide.