Goierriko Hitza

Goierriko Hedabideek euskarazko komunikabideak babesteko eta garatzeko laguntza eskatu diote administrazioari

Hekimenek «konpromisoa» eskatu du, euskarazko hedabideen sektoreari «beste bultzada handi bat» emateko.

Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko komunikabideak biltzen dituen elkarteak, urteroko batzarra egin zuen ostiralean Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkean. Miren Sudupe Goierriko Hedabideetako (GOIERRIKO HITZA, Goiberri, Otamotz…) kudeatzailea ere bertan izan zen, eta sektorearen egoerari buruz egin zuten gogoetan parte hartu zuen: Elkartearen ustez, egungo aldaketa teknologikoek, sozialek eta generazionalek «birsortzera» eraman behar dute euskarazko hedabideen sektorea, eta horrek «ahaleginak» eskatuko ditu: «Iraungo badugu, komunikabide eraginkorrak, kalitatezkoak, askotarikoak, modernoak, herritarrekin harreman estua dutenak, gure kulturan ongi errotuak, euskara ardatz dutenak, teknologikoki ongi garatuak, lantalde profesional formatuak dituztenak, berritzaileak, irudimentsuak eta egoki kudeatuak behar ditugu».

Eusko Jaurlaritzako hauteskundeen hurbiltasuna baliatu nahi du Hekimenek, alderdiei dei zuzena eginda: «Eusko Jaurlaritzaren gidaritza eskuratzeko lehian ari diren alderdiei jakinarazi nahi diegu behar-beharrezkoa dela sektoreari beste bultzada handi bat ematea, zailtasunak gainditu eta berriro ere eraldaketaren bidea indarrez hartzeko».

Izan ere, jokoan dagoena, euskarazko hedabideen bideragarritasunaz harago, Euskal Herriaren beraren «izana» da, elkartea osatzen duten komunikazio taldeen arabera: «Korporazio mediatiko handien eragin homogenizatzailearen aurrean, herri mailako erronka da honakoa. Gure izana, kultura, hizkuntza eta balio demokratikoak dira arriskuan egongo direnak ez badugu lortzen berezko sare mediatiko askotarikoa, ongi errotua eta euskalduna indartzea».

Konpromisoak, eman eta eskatu

Bide horrek «zailtasunak eta erresistentziak» dituela jakinda, konpromisoak hartzeko prest agertu da Hekimen. Zehazki, lau konpromiso orokor zerrendatu dituzte: bat, «berrikuntzan ahalegin sakona egiteko konpromisoa, sektorea bere osoan garatuz, atzean inor utzi gabe eta proiektu komunak sustatuz»; bi, eraldaketa prozesua «komunitatearekin eta administrazioekin batera» egiteko konpromisoa, «beti garden jokatuz» eta buruan izanda Euskal Herriko «behar komunikatiboak, kulturalak eta soziolinguistikoak»; hiru, berrikuntzaren bidez, eraldaketa prozesu oso bat egiteko konpromisoa, «alor guztietan eraginez, kalitatean, kudeaketan, formakuntzan, egokitze teknologikoan zein hedapenean»; eta lau, «beharrezko baliabideak eskuratzeko bideak» urratzeko konpromisoa.

Era berean, konpromiso sorta bat ere galdegin diete administrazioei eta horiek kudeatzeko asmoa duten alderdiei. Izan ere, haien zeregina da «iritzi aniztasuna eta informazio eskubidea bermatzea», demokraziaren oinarrizko zutabe diren heinean. «Alde bakarreko informazioa bakarrik ahalbidetzen duen sistema politikoak ez du demokrazia bermatzen, eta, zeregin horretan, komunikabide libreen sustapena baztertu ezinezko zeregina da administrazioentzat, bai eta monopolio informatiboei mugak ezartzea ere». Are, Hekimenen aburuz, euskarazko hedabideen sektorea indartzea «oso garrantzitsua» da «Euskal Herriaren eraikuntzan, euskararen berreskurapen prozesuan eta demokraziaren sustapenean».

Zeregin horretan, sei konpromiso eskatu dizkie elkarteak administrazioei:

ADMINISTRAZIOEK HARTU BEHARREKO KONPROMISOAK

  1. Euskarazko komunikabideen sektorearentzat ezinbestekoa den egonkortasuna bermatzeko konpromisoa, euskarazko ekosistema mediatikoak iraun dezan. Horretarako, digitalizazioak dakarren egokitzea burutzeko baliabide nahikoak eskainiz.

  2. Kalitatezko kazetaritzak eskatzen dituen lantaldeak eta haien soldata duinak bermatzeko konpromisoa.

  3. Egokitzeak eskatzen duen malgutasunaz jokatzeko konpromisoa, inongo kanpo faktorek eraldaketa prozesua zapuztu ez dezan.

  4. Euskal komunikabideen sektorea hitzez eta ekintzez prestigiatzeko konpromisoa.

  5. Euskarazko komunikabideen eraldaketan funtsezkoak izan daitezkeen aldaketa teknologikoetara egokitzeko bideak errazteko konpromisoa.

  6. Euskarazko komunikabideen egungo hutsune geografikoa zein tematikoak betetzeko egitasmo berriak sustatzeko konpromisoa.

Datozen egunetan, Hekimen elkarteak eskaera eginen die Eusko Jaurlaritzako hauteskundeetan lehendakarigai izanen direnei, «gogoeta honen berri emateko eta haien iritzia eta proposamenak jasotzeko asmoz».

Hekimen elkartearen kode deontologikoa

Urteko batzarra Hekimen elkartearen Kode deontologikoa berresteko ere baliatu zen. Kode deontologiko hau Hekimen elkarteak garatu du, Euskal Hedabideen Mahaian (Hekimen Elkartea, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta hiru Aldundietako euskara zuzendaritzak) horrela adostuta; bere helburu nagusia elkarteko bazkideei beren edukiak eta jarduna egoki garatzeko irizpide adostu batzuk eskaintzea izan da.

Elkarteko zenbait hedabidek lehenagotik ere bazituzten beren irizpide edota estilo liburuak, baina interesgarri ikusi zen denentzako baliagarria izango zen kode bat sortzea eta azkenean iritsi da hainbat hilabetetako lanaren emaitza. Lanbide horretan gidari eta laguntzaile izan dugu Irene Arrarats Berriaren Estilo liburuaren zuzendari eta koordinatzailea eta orain erronka nagusia, hedabide bakoitzak kodea bere barne prozesuetan txertatzea eta lantaldeetako kideei ezagutaraztea izango da. Zeregin horretan ere bazkideek elkartea bidelagun izango dute.