Garaipenarekin agurtuko du urtea Goierri Gorrik
Kazetaria: Izaro Insausti Barandiaran 04/12/2017 Paularrak B taldearen zelaian 0-2 nagusitu dira goierritarrak azken jardunaldian Hiru asteko geldialdira sentsazio onekin iristea garrantzitsua izan ohi da, eta horrez gain hiru puntu biltzen baditu taldeak are gehiago. Barakaldon izandako partidak taldeari konfiantza emango dio, beste garaipen bat izateaz gain, sailkapenean puntu ugari bildu dituelako jada Goierri Gorrik. […]
Kazetaria: Izaro Insausti Barandiaran 04/12/2017
Paularrak B taldearen zelaian 0-2 nagusitu dira goierritarrak azken jardunaldian
Hiru asteko geldialdira sentsazio onekin iristea garrantzitsua izan ohi da, eta horrez gain hiru puntu biltzen baditu taldeak are gehiago. Barakaldon izandako partidak taldeari konfiantza emango dio, beste garaipen bat izateaz gain, sailkapenean puntu ugari bildu dituelako jada Goierri Gorrik.
Zelai txikira moldatu behar izan zuen Koldo Zalduaren taldeak, Loinazekin alderatuz tamainatik haratago eguraldiagatik putzuz gainezka baitzegoen. Jokalariak ordea ondo egokitu ziren eurira eta baloia mugitzea kostatzen bazen ere, ahal zen heinean lortu zuten. Bizkaitarrek arriskua baloi geldietan sortzen zutela bazekiten goierritarrek, eta adi zainduz ongi babestu zuten beren atea. Hain zuzen ere, geldikako jokaldi batean etorri zen gorrien lehen gola. Miren Arrondok aurreratu zuen taldea, falta jaurtiketa batekin 0-1ekoa eginda 25. minutuan. Hortik aurrera ere defentsako lan ona egin zuten eta atsedenera gol bateko aldearekin joan ziren.
Aldageletatik bueltan, hildo beretik jarraitu zuen partidak. Goierri Gorrik jokaldiak jostea lortzen zuen zelaiak ahalbidetzen zuen neurrian, eta defentsan sendo agertu ziren. Bigarren zatia hasi eta 10 mintutura Mar Luzuriagak egin zuen 0-2koa. Behin bi goleko aldea izanda lan egiten jarraitu zuten goierritarrek eta etxeko taldeak, hiru aldaketa egin zituen batera. Aulkia mugituta erreakzioa aurkitu nahi zuten jokalari bizkaitarrek, eta langara baloi bat bidali bazuten ere hutsean amaitu zuen gorrien ateak.
Garaipen garrantzitsua, urtea amaitzeko hiru puntu direlako eta datozen asteetan lan egiteko indarra emango duelako. Sailkapenaren erditik gora dira jada gorriak, zazpigarren direlako 24 punturekin. Errege egunaren ondoren gipuzkoarren arteko derbia eta era berean liderraren aurkako partida izango da Loinazen: Goierri Gorri – Tolosa.