EUSKO JAURLARITZAK 80 BERRIKUNTZA-EKIMEN EZARTZEKO BIDE-ORRIA EMAN DIE TURISMO-ENPRESEI
Turismo Berrikuntzarako Laguntza Plana (milioi 1 euro) abian jarriko du Ekimen Berritzaileen Katalogoa argitaratzeak. Tresna horrek enpresei proposamenak aurkezten laguntzea du helburu. Gidak turismo arloko adibide arrakastatsuak biltzen ditu, eta ekintzak hiru mailatan bereizten ditu: berrikuntza ertaina, handia eta erabatekoa. Turismo-eskaintzen esku dauden urratsak dira hoteleko logelaren lurrina hautatzea, hozkailu pertsonalizatu bat edukitzea, aireportuan armairu bat edukitzea edo jomuga baten bisita birtualak egitea Eusko Jaurlaritzak Turismoko sektorerako Ekimen Berritzaileen Katalogo bat prestatu du. Nazioarteko turismo-sektorean arrakasta egiaztatua izan duten ekintzen 80 adibide azaltzen ditu aipatutako gidak. Turismo Berrikuntzarako Laguntza Planaren lehen urratsa da aipatutako dokumentua. Milioi bat euroko aurrekontua duen plan horrek Euskadiko turismo arloko enpresen eta eskaintzaren lehiakortasuna hobetzea du xedetzat. Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalzak eta Turismoko zuzendari Mertxe Garmendiak gida hau aurkeztu diete hiru hiriburuetan Turismoaren ardura duten eragileei Euskadin berrikuntza laguntzeko. Bilera horietan Epalzak nabarmendu duenez, «berritzea, hobekuntzak egitea da, baina ez da beti erraza, bereziki gure enpresen tamainagatik eta baliabideengatik». Horregatik egin du Jaurlaritzak azterlan hau hiru kategoria hauetan banatutako ekintza berritzaileen 80 fitxa deskribatzaile bilduz: erdi-mailako (32), goi-mailako (30) eta maila erradikaleko (18) berrikuntza inkrementalak, betiere merkatuari dagokionez. Produktuak, berritasun-maila, ezarpen-eremua eta joerak hartzen dira kontuan. Era guztietako neurriak daude; besteak beste, jomugentzat, bidaia-agentzientzat, ostatuentzat, saltoki, taberna eta jatetxeentzat, turismo-bulegoentzat, museoentzat, upategientzat, atrakzioentzat, elkarteentzat, garraioentzat, eta azken batean, bidaiariekin zerikusia duten azpisektore guztientzat. Batzuk oso oinarrizkoak dira, eta hiru hilabeteren buruan ezarriko dira gutxi gorabehera; beste batzuk ezartzeko, aldiz, hiru eta sei hilabete arteko ahalegina beharko da, eta denbora gehiago behar duten aldaketa erradikaletarako proposamenak ere badaude. Zenbait ekintza erraz-errazak dira; esate baterako, bezeroekin zuzeneko harremana hobetzea gehien erabilitako komunikazio-kanalen bitartez (whatsappa adibidez), edota harrera-artikuluen karta hobetzea burkoa, hozkailua edo logelaren lurrina pertsonalizatzea eskainiz. Dokumentuaren amaieran autoebaluazio bat eskaintzen zaie sektore turistikoko eragileei beren gaur egungo egoera berritzailea aztertzeko, ezarri nahi dituzten ideien lehenespena adierazteko eta hautatutako ideien ezarpen-jarraipenerako tresna bat finkatzeko.