Danele Sarriugarte elgoibartarrak jaso du aurtengo Igartza literatur beka

Danele Sarriugarte elgoibartarra

Danele Sarriugarte elgoibartarraren Mamuak eleberri proiektuak jaso du aurtengo Igartza literatur beka. 6.000 euroko diru saria jasoko du, eta urtebeteko epea izango du liburua bukatzeko. Sarriugartek «ilusioz» hartu du saria, bere aurreneko lana argitaratzeko «bultzada handia» izango baita. Aurreneko eguneko «saltsa» pasa eta lanean hasteko gogoz dagoela azaldu du.

Idazle gazteen sorkuntzan lagundu eta haien lehen lanak argitaratzeko asmoarekin sortu zuten Igartza beka, Beasaingo Udalaren, Elkar argitaletxearen eta CAF enpresaren artean. 1993.an egin zuten aurreneko aldiz, baina sariketa moduan. 1998. urteaz geroztik, sortzaileek proiektu bat aurkeztu eta hura saritzen dute, urtebeteko epean, eleberria garatu dezaten. Urte hauetan guztietan, hamasei liburu argitaratu dituzte, eta beste bi bidean dira; bata iaz saritu zuten Goiatz Labandibarrena, eta bestea, aurten beka jaso duen Danele Sarriugarterena. Uxue Alberdi, Igor Estankona eta Xabier Etxeberria idazleek osatutako epaimahaiak aukeratu du haren lana.

Sarriugarte 1989. urtean jaio zen Elgoibarren. Itzulpengintzan lizentziatua da, eta lagun batekin batera, elearazi.org webgunearen sortzailea. Letren munduarekin lotura izan badu ere, blogean idatzitakoez haratago, orain arte ez du bere testurik inon argitaratu. Idazten hasteko pauso hori ematerako garaian, sari hau «bultzada handia» izango dela uste du. Izan ere, «horrelako sari batek erosotasun bat ematen du, alde batetik, badakizulako gauzak ondo eginez gero argitaratuko dutela. Eta bultzada hori ematen du, diru sarrera bat ere badelako. Eta animoa autoestimu aldetik, esaten dizutelako hasi duzun hori saritzeko modukoa dela». Bekari esker, urtea libre hartu eta buru-belarri idazten hasteko asmoa du. Izan ere, bekak ematen dion babesarekin, lana hasi eta bukatu egin nahi du, sariak berak, proiektuari lehentasuna ematea eskatzen diolako. «Hau nire kabuz bukatu behar banu, denbora asko pasa beharko litzateke, eta jende askok horregatik uzten du erdibidean».

Emakume baten istorioa
Sarriugarteren Mamuak proiektuak, bi urteko harreman batetik irten berria den emakume baten istorioa kontatzen du. Egilearen beraren hitzetan, haustura horretatik, «emakumea bere harremana birplanteatzen hasten da, nola iritsi diren iritsi diren momentura; eta aztertzen zergatik ordura arte izan dituen harremanak ez diren ondo atera. Hortik abiatuta, bere izateko modua baldintzatzen duten mamuak aztertzen hasten da, eta hain zuzen ere, mamu horietatik dator proiektuaren izenburua».

Mamu edo obsesio horiei aurre egiteko bakoitzak bere modua duela uste du Sarriugartek, «baina jende askok du bere burua torturatzeko joera, eta hau ere horren adibide garbia da. Gai guztiak jorratzeko modua nahikoa obsesiboa da». Pertsonaiaren izaera eta bere joera obsesiboa erakusteko, aipu edo erreferentzia asko erabiltzen ditu egileak, bai literatur mundutik, bai zinetik eta bai musikatik hartuak.

Labandibarrena, 2013an
Aurtengo Igartza literatur beka nork jaso duen esatearekin batera, iaz saritutako proiektuaren berri ere eman dute bekaren arduradunek. Goiatz Labandibar oiartzuarrak jaso zuen saria, Interrailean oinarritutako istorio batekin. Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorearen hitzetan, «istorioaren bizkarrezurra da Interraila; hau da, Europako hainbat hiritan gertatutako istorioak dira eta trenbideak ematen die nolabaiteko lotura».

Labandibarrek proiektua «ia ia bukatuta» duela azaldu du, eta «datorren urtearen hasieran edo martxoa aldera» argitaratuko dutela.

Send this to friend