Orriek batu dituzte herriak
Euskarazko liburuen eta diskoen azokak egingo dituzte asteburuan Ataunen, Beasainen, Lazkaon, Ordizian eta Seguran. Aurkezpenak ugari, erosgaia oparo, eta kultura eskura
«Azokak batzen gaitu». Ohiturazko esaldi hutsetik harago, gero eta sustraituago dagoen ekimenaren goiburu bihurtu da, ia-ia, esapide hori. Goierriko bost herrik elkarlanean antolatzen duten euskal liburu eta disko azoken bultzagileek behin eta berriro errepikatu zuten, atzo, Lazkaoko aurkezpenean. «Azokak, euskarak eta euskal kulturak batzen gaituzte. Ez dago konpetentziarik hemen, elkartasuna eta elkarlana baizik», azaldu du Joxepa Madariagak.
Ostiraletik igandera ospatuko dira liburu azokak Ataunen (12.a), Beasainen (28.a), Lazkaon (29.a), Ordizian (11.a) eta Seguran (11.a). Irekitzen goiztiarrena Beasaingoa izango da, ostiralean 11:00etan —gainontzekoak arratsaldean—. Lazkaokoa, larunbatean egun osoan egongo da irekita, eguerdia barne. Eta igandean, bazkal aurrean itxiko dituzte denak, arratsaldean Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalari beha egoteko.
Ohi bezala, Durangoko Azokaren ondotik datoz Goierrikoak, baina ez dio horrek interes punturik kenduko, haatik. «Nobedadeak eta hain berriak ez diren tituluak eskainiko ditugu. Material interesgarriak ekartzen saiatu gara. Ez da erraza, Durangok agintzen duelako argitaletxeengan, gaur egun». Enkarguak ere hartuko dituzte.
Bost herrietan, %15eko deskontua izango dute produktuek. Herri bakoitzeko udalak finantzatuko du, euskarazko ekoizpena kontsumitzeko laguntza izate aldera. «Kultura-gosea asetuko dugula espero dugu. Bost herri, elkarte asko, eta jende multzo handia dago azoken atzean». Aurkezpen ugarirekin Euskarazko liburuak, tokian tokiko argitalpenak eta ikerlanak, diskoak, jostailuak eta jokoak erosi ahalko dira, guztietan. Bertako tituluak lortzeko aukera aparta izango dira, beste behin. Lazkaon, horrez gain, San Benito ikastolak bigarren eskuko jostailuen merkatu txikia jarriko du; Rwanda Elkarteak, berriz, argazki erakusketa eta bidezko merkataritzako gaien salmenta. Ruandara bideratuko da dirua. Idazle mordoxka igaroko da bost azoketatik. Ataunen —Herri Antzokian egingo da aurten—, esate baterako, ekitaldi eta aurkezpen sorta mardula prestatu dute. Larunbat goiza Herritarren txoko izendatu dute, Ataungo bi lan erakusteko. Ipuin laburren sariketa ere egingo dute, idazlanak erakusgai jarrita. 20 euroko bonua zotz egingo dute. Izatez, aste osora banatu dute literatura eta liburu zaletasuna. Seguran hitzaldi bana antolatu dituzte, aurretik (Jakoba Errekondo, gaur) eta ondoren (Joseba Intxausti herriko semea, oraintsu bere lan guztia digitalizatu diotena). Lazkaon, atzo Jasone Osoro izan zen bisitan, eta gaur Juan Kruz Igerabide joango da, LHko ikasleengana. Ordizian, azoka lekuaren aldaketa da berritasun bat. Orain arteko Barrenako ezkaratzea txikiegi geratu zaiela eta, Zuhaiztira aldatu dute, Labealde okindegiaren ondoko lokalera. Mari Karmen Odriozola Euskadi Irratiko esataria omenduko dute, bestetik, ostiralean. Euskararen alde egin duen lana eskertuko dio Hitzaro elkarteak. Beasainen, igandea ekitaldi aldetik hutsik utzi dute, Motorraren Asteko rallya jokatuko denez, «zaratagatik».Azoka guztietan %15eko deskontua egingo diete erosleei, udalek finantzatuta
Ataungoa antzokian egingo da aurten. Ordizian tokia Zuhaiztiko lokal batera aldatu dute














