«Gure apustua salmenta zuzena izan da beti»
Joseba Intsausti (Ordizia, 1977) artzainak bigarren aldiz jaso du Idiazabal Jatorri Izendapenak banatzen duen kalitate-erregulartasun saria. «Pozik, baina arduraz» hartu zuen antolatzaileen deia.
Orain bi urte jaso zenuen lehen aldiz saria hau, eta aurten errepikatu egin duzu. Zer moduz sentitzen zara?
Orain bi urte erabat ezustean iritsi zitzaidan albistea, eta aurtengo hau gehiago, batez ere duela bi urte ere jaso nuelako. Horrelako errekonozimenduek poz handia ematen dute.
Ardura ere antzemango duzu.
Ardura ere sentitzen da, ardura handia gainera. Sari hau jasotzen duen artzainaren gazta irekitzen da hemen, eta gazta itxurazko bat ekartzea, eta oraindik berri-berriak nola dauden bada… Alderdi horretatik ardura, baina pozik.
Urte oso euritsua izan da. Nola ikusten duzu hasi berri den kanpaina?
Gure ardiak larrearekin bazkatzen dira, eta alderdi horretatik oso txarra izaten ari da. Belardiak urez beteta daude, eta ardiak ez dira behar bezala asentatzen. Hala ere, udaberri ona egiten baldin badu, onura ere izan daiteke, mendiko larrea ona ateratzeko. Dena ez ote da txarra izango!
Aralarko Esnaurreta txabolara noiz igotzeko asmoa duzu?
Maiatzaren hasieran, ahal bezain pronto.
Horrelako sariek ere salmentan lagundu ohi dute. Zenbateko produkzioa duzu zuk?
Hiru mila gazta inguru egiten ditut. Orain zerbait zaildu dira gauzak, baina gure apustua salmenta zuzena izan da beti, eta uste dut bidea hori dela, bi alderdiak irabazten ateratzen garela uste baitut, bitartekaririk ez dagoelako.