Jende asko, baina saldu gutxi
Artzain eguneko ospakizunek eta Aste Santu ondorengo opor giroak markatu zuten atzoko feria. Jendea beranduago hasi zen etortzen, eta ez ohiko jende asko zebilen. Ez dira denak erosteko planean etortzen eta hori da asteroko saltzaileen kezka horrelako egunetan. «Ikusmiran, eskuak poltsikoan etortzen dira, erostera gutxi» diote askok.
Gainontzean, zizek sortu zuten atzo ere ikusminik handiena. Oraindik ere hemengoa gutxi dago, eta zeudenen artean garestienak, kolore eta neurri aldetik ikusgarriak, orain arteko prezioari eutsi diote: kiloa 160 euroan. Ataundik saltzaile berriak ikusi ditugu, Aitor eta Xabi Azkonobieta anaia gazteak. «Amona etortzen zen aitonak bildutakoak saltzera, eta orain guk hartu dugu erreleboa». Aitonangandik ikasitako afizioa dute zizak eta onddoak biltzekoa. Kanpotik ekarritako lehen zizak salgai jarri dituzte Lasan postuan 85 euroan, 18 kilo.
Garai zaila barazkientzat
Barazki aldetik berriz urteko garairik zailena dela esan daiteke. Izan ere negutegirik izan ezean, negukoak bukatzen edo bukatuta, eta udaberrikoak ezin landatu eta landatuak daudenak aurrera egiten nahikoa lan dute, “negutegiko ilarrak eta babak leka egiten hasita baina hotz hauekin kostata aurreratzen ari dira” zioen Patxi Arizmendi aramarrak.
Loreetan aparteko aukera
Tentagarriak daude lore postuak, baina bezeroak zuhur oraindik. Aukera handiena geranio eta huntzetan dago, horiek baitira salduenak, baina izatez aleliak, daliak, larrosa txikiak, dimorfotekak, krabalinak… aukeran dira.
Azken urte hauetan berriz ere ugaritzen hasi dira erregin belarritakoak (Fuchsia Hybrida). «Hauetakoak amonak denak edukitzen zituen, eta urte batetik bestera ere ondo zainduta, moztu eta tapatuta negua pasatzen zuten». Hala kontatu digu Maria Dolores Arruabarrenak eta urte batzutan oso gutxi saldu badira ere, orain berriz ere estimazioa hartzen ari dela zioen.