Transhumantzia festa bihurtuta
Beste urte batzuetako jendeketarik ez, baina, jende asko inguratu da aurten ere Ordiziara Artzain Egunez. Negua bukatu eta ardiak mendira igotzeko garaia dela, hau da, transhumantzia garaia dela gogoratzeko 2.000 ardik zeharkatu dituzte aurten ere Ordiziako kaleak lau tandatan, inguratutako guztien arreta piztuaz. Goiza izaten da festa nagusia hartzen duen garaia, baina, aurtengo Artzain Egunak ere egun osoko festa ekarri du Ordiziara, arratsaldera arte.
Eguna esnatzen zen heinean, Ordiziako kaleak berotzen joan ziren atzo, giro epel eta eguzkitsuaren eta eguerdi parteko jendetzaren ondorioz. Garagartza plazan, latxa ardien ohiko erakusketa eta lehiaketaz gain, aurten latxa ahari lehiaketa ere egin da, Mutur-gorri eta mutur-beltzena. Aralar, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia, Donostialdea, Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñatitik ekarri dituzte guztiak lehiatzera eta, halamoduzko traturik lortuz gero, saltzera.
Julian Belokiren arkume eta bildots ahariek lortu zituzten lehen sariak mutur-gorrietan, eta ahari zaharretan Resurreccion Balerdirenak lortu zituen lehen eta bigarren sariak. Bigarren saria lortu zuten arkume aharitan Jeronimo Nazabal zaldibiarrarenak eta Abel Segurolarenak.
Mutur-beltzetan, arkume aharietan Garbiñe Etxezarretarenak lortu zuen lehen saria, bildots aharitan eta ahari zaharretan Mausitxako Jesus Ansolarenak.
Egun honetan egiten den beste txapelketa bat errapeena izaten da. Aurten, mutur-beltzen artean Olaberriako Aizpea baserriko ardiak lortu du, eta mutur-gorrietako bildots eta ardien errape onenak Oñatiko Gomiztegi kooperatibakoenak zirela erabaki zuten epaimahaikideek.
Goiz-pasa borobila
Lehiatzen ari ziren abereen ondoan, abere berberak, baina, burduntzian erretzen ari ziren. Eta horien bueltan jende mordoska, erretakoa dastatzeko gogotsu. Baina, ez zen garagartza plazan dastatzeko jaki bakarra. Errape lehiaketatik gertu, ardi-esnez egindako mamia dastatzeko aukera zegoen, eta gazta nola egiten den ikasteko aukera ere bai.
Oso gertu, eguerdi partean ardiei ilea mozten hasi ziren, jendez erabat inguratuta. Ikusmira handia sortzen duen ikuskizuna izaten da hori ere, ardien pasaerarekin batera, Artzain Egunez. Ziztu batean mozten zieten ilea, makinaz. Asko kalkuluak ateratzen ere aritu ziren, orduko 20 ardi ingururi ilea moztuko zietela apostu eginez.
Gainerakoan, asteazkeneroko postuez gain, Garagartza plazatik behera doan bidean postu dezente zeuden: produktu ekologikoak, erleek egindakoak, gozokiak, artisauen arropak, pitxiak, Kilometroetako salmenta postua, taloak, puxikak… Trikitilariak eta dultzaineroak arduratu ziren kaleak alaitzeaz.
Arratsaldean Arabar Errioxako ardoak eta Getaria, Bizkaia eta Arabako Jatorri Izendapeneko txakolinen dastatze gidatua egin zuten Idiazabal Gaztaz lagunduta. Gidari lanak egiten izan zen Hazi fundazioko Mikel Garaizabal enologoa eta sommelierra.