Loinazko San Martin plazan egingo da azoka asteartean
Loinazko San Martin plaza azpira itzuliko dira datorren asteartean azokan postua jartzen duten 21 baserritarrak eta bestelako jakiak saltzen dituzten 12 saltzaile. Urte bat eta bi hilabete dira azoka Gernika pasealekuan eta inguruetan egiten dela, Bea...
Loinazko San Martin plaza azpira itzuliko dira datorren asteartean azokan postua jartzen duten 21 baserritarrak eta bestelako jakiak saltzen dituzten 12 saltzaile. Urte bat eta bi hilabete dira azoka Gernika pasealekuan eta inguruetan egiten dela, Beasain erdigunea oinezkoentzako egokitzeko lanek behartuta. Datorren astean ordea, betiko lekura itzuliko da azoka, baina arropa saltzen dutenek Gernika pasealekuan jarraituko dute.
Baserritarrak hasieratik izan dira kexu Gernika pasealekuko pilotalekuarekin. Jendearengadik eta gainontzeko saltzaileengandik urruti egon direla uste dute. Maria Rosario Txintxurreta baserritar beasaindarrak azaldutakoaren arabera jendeari kosta egin zaio kokagune berrira ohitzea eta, ondorioz, gutxiago saldu dute. Antonio Rodrigezek denetariko jakiak saltzen 37 urte daramatza Beasainen, eta aldaketak alde onak eta txarrak izan dituela dio: “Eguraldi txarra egiten duenean plaza azpiko babesa gustura hartzen da, baina eguraldi ona egiten duenean leku egokiagoa da Gernika pasealekua”. Hala ere, tokiak toki, jatekoa saltzen duten guztiak elkarrekin egotea litzateke idealena Rodrigezentzat.
Raul Argaiz arropa saltzaileak ordea, nahiago du Gernika pasealekuan jarraitu. Ordiziarrak 26 urte daramatza Beasainen arropa saltzen, eta Gernika pasealekuan produktuak gehiago ikusten direla dio, eta gehiago saltzen dutela.
Iritziak iritzi, datorren astean azoka bitan banatuta geratuko da: jakiak saltzen dituztenak eta baserritarrak Loinazko San Martin plaza azpian eta arropa eta osagarriak saltzen dituztenak Gernika pasealekuan.