Aldiri kiroldegiko eskaintzaren berri emanez informazioa bidali du Udalak etxeetara.
Urretxuko Udalak herriko kirol azpiegiturak erabiltzeko bide ematen duen abonatu txartel bakarra atera du. Urte osokoa edo urteko azken hiru hilabeteetarakoa izango da eta kiroldegiko hainbat zerbitzu eskaintzeaz gain, igerilekura sartzeko aukera ere emango du. Aldiri kiroldegiko zerbitzuari dagokionez, muskulazio, lan anitzeko eta kardiobaskular geletarako sarrera, saunak erabiltzeko aukera eta kantxarako doako sarrera eskainiko ditu abonuak.
Era berean, deskontuak ere ekarriko ditu; jarduera gidatuetan, denboraldi osoko eskola kolektiboetan, ikastaro trinkoetan eta puntualetan, kiroldegiko kantxaren eta pilotalekuaren alokairuan eta udako jardueretan. Kiroldegian hasi dira 2011. urterako txartelak tramitatzen. Txartela urte osorako edo urteko azken hiru hilabeteetarako eskuratu ahalko da. 18 urtetik gorakoek 100 euro ordaindu beharko dituzte kirol zerbitzuak urte osoan zehar erabiltzeko eta 30 euro aldiz, azken hiru hilabeteko eperako bada. 18 urtera arteko gazteei, jubilatuei, pentsiodunei, ikasleei eta langabetuei 50 euro kostako zaie urteko abonua eta 15 euro aldiz, urteko azken hiru hilabeteetarakoa. Azkenik, familia osoarentzako txartela ere egongo da, urtean 150 euro eta azken hiruhilekoan 45 kostako dena.