'Gipuzkoan lortu arte!' akordioa Goierrira zabaldu dute EAk eta ezker abertzaleak
‘Gipuzkoan lortu arte!’ akordioa Goierrira zabaldu dute EAk eta ezker abertzaleak. Bi alderdi politiko horien arabera, «aukera berriak ireki dira» Euskal Herrian eta Gipuzkoako jendarteari «aldaketa politikoa eta soziala» bultzatzeko eskaintza egin nahi diote, independentzia erreferentzia hartuta, «Gipuzkoan ere modu demokratikoen bidez, aldaketa sakonak eskuratzeko garaia baita». ‘Gipuzkoan lortu arte!’ jendartera zabaltzeko helburuarekin, ostiral honetan (urtarrilak 21) akordioaren aurkezpen ekitaldia egingo dute Beasaingo Usurbe zineman, iluntzeko zazpietan.
Hamar puntu
EAk eta ezker abertzaleak adostutako akordio horrek, hamar puntu biltzen ditu bere baitan. Lehendabizikoan egitura juridiko politiko berri baten beharra aldarrikatzen dute. «Euskal Herriak, munduko nazio guztiek bezala, bere buruari edozein antolaketa eredu emateko eskubidea du. Egun ordea, Euskal Herriak ez dauka erabaki politikoak demokratikoki garatu ahal izateko aitortutako tresna politikorik». Beraien hitzetan, egituraketa juridiko-politiko berri batek, gainera, «ezinbestean» herritarren parte-hartzea izan behar du oinarri, «nazio gisa dagozkigun erabaki maila guztietan. Eta kultura demokratiko horrek, instituzioetatik abiatu behar du eguneroko jardueran herritarren parte hartzea sustatu eta eguneroko erabakietan herritarrak inplikatuz». Zentzu horretan, Goierriko EA eta ezker abertzalearen ustez, herrien Gipuzkoa indartu behar da. «Gipuzkoa herri txikiek, ertainek eta hiriguneek osatzen dute eta inbertsio eta bitartekoak herrien garapenera ere bideratu behar dira, horretarako Udalen lana indartuz».
Bigarren puntuan «gatazkaren konponbideari» egiten diote erreferentzia. Beraien ustez, Gernikako Akordioan zehaztutako edukien arabera lortuko da «indarkeriarik gabeko egoera bermatzea eta normalizazio politikoaren bideari ekitea».
Hirugarren puntuan, Euskal Herritik Gipuzkoara eta Gipuzkoatik Euskal Herrira lan egin behar dela aipatzen dute. «Nazio ikuspegia iparrorratz hartuta, gure herrialdean bertan herri gisa aritzea, aurrera egiteko gakoetako bat da».
Justizia sozialaren alorrean, lanaren eta aberastasunaren banaketa oinarri izango duen «bestelako» eredu ekonomiko eta sozial bat aldarrikatzen dute «eredu bidezkoagoa eta demokratikoagoa, hain zuzen».
Bosgarren puntuan, garapen iraunkorrari dagokionean, besteak beste, Euskal Herri zein Gipuzkoa mailako azpiegitura eta garraio politikari dagokion eztabaida estrategiko sakona ematea derrigorrezkotzat jotzen dute. Euskal Herriaren zein Gipuzkoaren etorkizuna errotik aldatzen duten proiektu erraldoien definizio eta zehaztapenak, gizarte eragile eta herritarren parte hartze zabala eskatzen duela ere aipatzen dute.
«Jendarte askea» eraikitze bidean, arlo guztietako menpekotasun egoeren kontra, aukera berdintasunaren alde eta emakumeen aurkako edozein motako indarkeria desagertzeko neurri politikoen alde borrokatuko direla azpimarratzen dute.
Euskara eta kultura
Zazpigarren puntuan euskara eta kultura dituzte hizpide. «Euskara Euskal Herriko nazio hizkuntza denez» euskaraz arituko den Gipuzkoa euskaldunaren aldeko apustua egingo dute EAk eta ezker abertzaleak.
Migrazio eta aniztasunaren atalean, «Euskal Herrian bizi diren guztien eskubide berdintasuna eta justizia soziala dira gure iparra».
Hezkuntza arloan, hezkuntza herritarra, euskalduna eta kalitatezkoa bermatzeko datozen urteetan indar, baliabide eta lan tresna gehiago jarri behar dituztela diote EAk eta ezker abertzaleak.
Gazteria Euskal Herriaren etorkizuna dela diote bi alderdi politikoetako ordezkariek. Beraien ustez, «egungo errealitate sozialak eta instituzionalak sektore sozial horren iritzia baztertu egiten du», baina beraiek gazteek iritzia emateko eta erabakiak modu askean hartzeko eskubidea dutela defendatzen dute. Hori errealitate bihur dadin elkarrekin lan egingo dute bi alderdiek.