Berritsun, Txelotxen eta gaztelekuan matrikula epea irekita
Berritsu eta Txelotxe ludoteketan eta Eizu gaztelekuan izena emateko epea ireki dute. Urtarrilean hasi eta ekainera arteko matrikula egiteko aukera izango dute lau urtetik 17 urtera arteko haurrek eta gazteek. Matrikula 30 euro kostako da. Aisi Hezi...
Berritsu eta Txelotxe ludoteketan eta Eizu gaztelekuan izena emateko epea ireki dute. Urtarrilean hasi eta ekainera arteko matrikula egiteko aukera izango dute lau urtetik 17 urtera arteko haurrek eta gazteek. Matrikula 30 euro kostako da. Aisi Hezi elkarteko hezitzaileek jakitera eman dutenez, lau eta zortzi urte arteko haurrentzako lekurik ez dago Berritsu ludotekan: “Egun 85 haur daude eta gehiagorentzako lekurik ez dago. Gainera, itxaron zerrenda ere badago” . Bederatzi eta hamabi urte artekoek izena emateko aukera izango dute Berritsun, eta Txelotxen lau eta hamabi urte arteko edonork.
Eizu gaztelekuan hamahiru eta hamazazpi urtekoek eman dezakete izena. Gaztelekua ostiral eta asteburu arratsaldetan egoten da irekita. Gazteek nahi dituzten ekintzak gauzatu ahal izateko gune ezberdnak egokitu dituzte gaztelekuan.
Ekintzak egingo dituzte datozen egunetan
Beasaindarrak ludoteketara eta gaztelekura erakartzeko hainbat ekintza egingo dituzte datozen egunetan. Datorren astean, urtarrilaren 28an, henna tailerra egingo dute Berritsun eta Txelotxen bederatzi eta hamabi urte arteko haurrentzat eta urtarrilaren 29an ludoteka kalera aterako dute. Dolarea jauregiaren kanpoan jokoak, aurpegia margotzea, eskulanak… egingo dituzte. Otsailetik aurrera ludoteketako bazkide direnek jostailuak maileguan etxera eramateko aukera ere izango dute.