Merkealdia Beasainen
Merkealdia pasa den urtarrilaren 7an hasi zen Goierrin. Gabonetako kanpainak bukatuta, eskualdeko merkatariek beherapenei hartu dieten itxura ezberdina da han eta hemen galdetuta. Gehienek krisiaren eragina pixka bat bada ere, areagotu egin dela aitortzen dute. Gabonetako kanpainan ere sumatu dute hori. Lazkaoko merkatari elkarteko Maite Garmendiaren ustetan, «Gabonetako kanpaina desberdina izan da. Jendea azken orduan mugitu da erosketak egiteko, baina bestelakoan geldi xamar egon da». Ordizian elkarteko Josune Insausti ere iritzi berekoa da. «Beste urteekin alderatuta gabonetako kanpaina justuago ibili dela iruditzen zait. Hala ere, merkealdia nahiko ona izaten ari da, eta Gabonetakoa konpentsatzen ari da nolabait». Beasaingo Bareak elkarteko Zezilia Herradorrek dioenez, Beasainen ere Gabonetako kanpaina «espero bezain ondo joan ez denaren» inpresioa jaso dute dendarien artean. Herri guztietan dioten moduan, hemen ere gauzak «sektoreka desberdinak direla» aipatzen du Herradorrek. merkealdiari dagokienez, Herradorrek bat egiten du Garmendiarekin puntu batean. «Jendea azken orduan ibili da erosketak egiten. Abenduaren 24aren aurreko astea mugitua izan ohi da eta aurten merkatarien sentsazioa jendea motel zebilela zen». Dendari batzuen salaketa bat ere jaso du Herradorrek. «batzuek salatu dutenez, saltoki gune handietan merkealdiaren aurretik eskaintza handiak egiten hasi dira, baina bi egun lehenago prezioak igo ondoren».
Bi-Tartean elkarteko Amador Viterik bestelako irudia marrazten du Urretxun eta Zumarragan. «Beste herri batzuekin alderatuta, hemen krisia gutxiago sumatu dugulakoan nago. Urte batzuetan jaitsi ondoren, salmentak mantentzen ari dira, nahiz eta jendeak asko begiratzen duen erosi aurretik». Arrazoi posible bat ere aipatzen du. «Agian jendea erosketak egiteko gutxiago mugitzen dela izan daiteke, inguru hurbilean gehiago egiten dituela. Ez dago hara eta hona ibiltzeko lehengo ohitura. Herri garrantzitsuagoetan, jendea erosketak egitera joaten zen horietan, krisia gehiago sumatu dute hemen baino». Hala ere, salmentak ez dira duela urte batzuetakoak. «Lehen soldata extra jasotzen zen garaian salmentetan gorakada bat izaten zen, eta baita errege egunaren aurreko egunetan. Orain jada ez daude gorakada horiek».
Beharrizanei begira
Guztiek ere bat egiten dute puntu batean: orain jendeak erosketak beharrizanetara bideratu dituela, lehen baino neurri handiagoan. «Jendeak ez du, eta duenak gorde egiten du, badaezpada» dio Insaustik. Garmendiak ere ildo beretik jotzen du «lehen zerbait ikusi eta agian erosi egiten zuten. Orain beharrezkoagoak diren gauzak erosten dituzte oro har». Viterik ere sumatu du hori. «Horrek, merkatariek eskaintza hobetzea ekarri du, eskaintzen dituzten produktuak eskuragarriagoak izatea».
Herri batzuetan saltzaileek estrategia berriak pentsatu dituzte salmentak sustatzeko, baina oraingoz, Goierrin ez da nabarmentzeko kasurik. Promozioak nonahi egon dira, ordea. Urola Garaiko Merkataritza Bulegoko Aitziber Santa Cruzek ordea, aldaketak egiteko beharra aipatzen du: «gizartean aldaketak dauden heinean, negozio guztietan nahi ta nahiez egoera berrietara moldatu beharko dira, dendariak barne».
Merkealdi honetan udakoan baino argibide gehiago
Goierriko kontsumo arduradun Beatriz Inurritegik neguko merkealdian udakoan baino «eskaera gehiago jasotzen» dituztela dio. Urretxuko kontsumo bulegoan «jendeak badaki dagoeneko merkealdiaren inguruko arautegia zein den eta argibide-eskaera gutxi ditugu, iaz bat ere» azaldu du Marisa Jorrin arduradunak.
«Neguko merkealdia Gabonekin lotuta dago zuzenean. Gabonetako opariak aldatzerakoan arazoak sortu daitezke merkealdia hasita badago» jarraitu du Inurritegik. «Demagun opari baten aldaketa ez digutela onartzen edo txartel bat ematen digutela opariak balio zuenarekin dendan bertan gastatu dezagun. Dendariak dirua bueltatzera behartuta daude bakarrik produktuak akatsa daukanean. Hortik aurrera, bakoitzak bere irizpideak ditu».
Nolanahi ere, irizpideak-irizpide dendariek aldaketak zein baldintzatan egingo dituzten esan behar diete bezeroei edota dendan bertan nonbaiten horren berri eman. «Arauak betetzen direla esango nuke, badaude kasuak, salaketa bat edo beste, baina ez da ohikoena» amaitu du Beatriz Inurritegik.
Alex Albisua: «Egoera ekonomikoagatik zuhurrago jokatzen dugu»
Alex Albisuak (Zumarraga, 1972) merkealdiak jarri berri ditu bere kirol-arropa dendan. Denda bere amak kudeatzen zuenean merkealdirik ez zutela egiten gogoratzen du, merkealdia «garai modernoagoen kontua» dela dio.
Egoera ekonomikoak eragin du Eguberrietako salmentan?
Abendua baju samarra izan da. Aurreko urtearekin alderatuta salmentak jaitsi egin dira, nire dendan bai behintzat. Adituek diote jendeak bulkadaz erosteari utzi diola; jendeak aurretik ondo pentsatuta dakarrela erosi behar duena, erosketa arrazionalagoak egiten direla.
Zure dendara sartzen den eroslearen perfila zein da?
Nik ez dakit adituek dioten hori horrela den. Nik bai sumatu dut industriaren egoerak bultzatuta, gauzak neurriz erosten ditugula. Nolanahi ere, pentsatu nahi dut orain artean elastiko bat erostera sartu den bezeroak ere, elastiko hori behar zuela. Kontsumo-ohiturak baino esango nuke egoerak behartuta zuhurrago jokatzen dugula.
Merkealdiak zer dira saltzaile batentzat?
Merkealdiek badute bere zentzua. Azkenaldian piska bat galduta egon gaitezke aurreko beherapenak direla eta, baina merkealdia sasoiko arropak ateratzeko modua da. Nire amaren garaian ez zegoen merkealdirik, baina egoera jakinek bultzatuta hasi ziren denboraldiko arropen merkealdiak egiten. Modako produktuak ezin dituzu biltegian hogei urtez gorde.
Dendari guztiek ez dituzue berdin kudeatzen, ala?
Nire kasuan, kirol-arropa dendatan daukagun marjina txikia da. Horregatik nik ez dut merkealdi aurreko beherapenik egiten, bestela kontuak ez zaizkit ateratzen ongi. Uste dut, merkealdiak saltzen duzun produktu motaren arabera eta dituzun marjinekin kudeatu behar dituzula.
Uste al duzu jendeak itxaroten duela merkealdietara begiz jota duena erosteko?
Izan daiteke, jendeak zer dagoen begiratzen du eta horrela izan gabe ere, merkealdietara itxaroten duela uste dut. Eguraldiak horretan kalte egiten digu edo lagundu. Negu gogorra bada, aurretik erosten dute. Epela bada, itxaroten dute gehiago.
Jende jario aldetik ba al dago alderik merkealdi garaian?
Poliki hasi naiz merkealdiekin eta oraindik ez dut gehiegi nabaritu dendara bezero gehiago sartu denik .