Bertsolaritzak badu harrobia nork zaindu
Legazpiko Bertso Olariak bertso eskolak hamar urte bete zituen iaz. Urtemuga dagoeneko pasatu bada ere, apirilean Bertso Eskolen Eguna ospatuko dute Legazpin. Horrez gain, otsailean bi saio egingo dituzte; bihar eta hilareb 26an. Taldea sortu zenetik lanean dabiltza Asier Iriondo, Nerea Elustondo eta Julen Agirreburualde. Iriondo eta Elustondo irakasle moduan hasi ziren eta Agirreburualde berriz, ikasle gisa. Egun, bera ere irakaslea da. Bertso eskolaren sorrera aztertzeko denboran atzera egiten dute, 60. hamarkadara. Brinkolan jartzen dute abiapuntua. «60. hamarkadan txapelketa batzuk antolatu zituzten, eta hor bazen bertsolari belaunaldi bat, Iñaki Azarola kasu». Hauek Brinkolan kantatzeko ohitura zuten. «Brinkolako eskola esaten zioten» jarraitu du Elustondok. Gerora, Iriondok dioenez, «guk 15-16 urte genituela, bertso eskola batzuk jaso genituen Azarolaren eskutik, 4 bat hilabetez». Hala ere, egungo bertso eskolaren oinarria Haztegi ikastolan jartzen dute, Joxe Olabide irakasleak abiarazitako bertso eskoletan. Iriondo eta Asier Otamendi ere aritu ziren han irakasle gisa, eta geroago baita Elustondo bera ere. Handik bost urtera helduen bertso eskola sortu zuten, «herrian egarri bat somatzen genuelako» dio Iriondok. 15 lagun ingururekin hasi zuen bidea bertso eskolak, eta Bertso Olariak izena ere eman zioten, «Aitor Irastortzak asmatu zuena». Helduekin hasi zuten bidea, baina gutxira gazteagoak ere batu ziren eskolara. Ikastolan egiten zirela, [...]
Legazpiko Bertso Olariak bertso eskolak hamar urte bete zituen iaz. Urtemuga dagoeneko pasatu bada ere, apirilean Bertso Eskolen Eguna ospatuko dute Legazpin. Horrez gain, otsailean bi saio egingo dituzte; bihar eta hilareb 26an. Taldea sortu zenetik lanean dabiltza Asier Iriondo, Nerea Elustondo eta Julen Agirreburualde. Iriondo eta Elustondo irakasle moduan hasi ziren eta Agirreburualde berriz, ikasle gisa. Egun, bera ere irakaslea da. Bertso eskolaren sorrera aztertzeko denboran atzera egiten dute, 60. hamarkadara.
Brinkolan jartzen dute abiapuntua. «60. hamarkadan txapelketa batzuk antolatu zituzten, eta hor bazen bertsolari belaunaldi bat, Iñaki Azarola kasu». Hauek Brinkolan kantatzeko ohitura zuten. «Brinkolako eskola esaten zioten» jarraitu du Elustondok. Gerora, Iriondok dioenez, «guk 15-16 urte genituela, bertso eskola batzuk jaso genituen Azarolaren eskutik, 4 bat hilabetez». Hala ere, egungo bertso eskolaren oinarria Haztegi ikastolan jartzen dute, Joxe Olabide irakasleak abiarazitako bertso eskoletan.
Iriondo eta Asier Otamendi ere aritu ziren han irakasle gisa, eta geroago baita Elustondo bera ere. Handik bost urtera helduen bertso eskola sortu zuten, «herrian egarri bat somatzen genuelako» dio Iriondok. 15 lagun ingururekin hasi zuen bidea bertso eskolak, eta Bertso Olariak izena ere eman zioten, «Aitor Irastortzak asmatu zuena». Helduekin hasi zuten bidea, baina gutxira gazteagoak ere batu ziren eskolara. Ikastolan egiten zirela, eta beste ikastetxeetako ikasleei ere parte hartzeko aukera eman asmoz, guztiak bateratuko zituen proiektu bat abiarazi zuten.
Hasiera «polita» izan zela oroitzen dute. «Legazpiko kalea, nahiz eta bertso saioak antolatu, ez zen bertsozalea, adin tarte horretan behintzat. Eskolarekin giro bat sortu zen eta txapelketetara ere joaten ginen. Geure lekua bilatzeko balio izan zuen» dio Iriondok. Lehen bi urteetan herriko bertsolari txapelketa ere antolatu zuten, «bigarren urtean kanporaketak ere izan zituena» oroitzen du Elustondok. «Taldea zen, Oraingoak lanerako gogoa ere badu, baina ordukoak kantatzeko gogoa zuen. Orduan dexente kantatu ohi zen jendaurrean». Agirreburualdek gehitzen duenez, «agian lehen kantatzera zetozen eta orain aldiz, ikastera», «edo agian lehen pixkat egindako jendea zen eskolara zetorrena, rodajea egindako batzuk baziren» dio Elustondok.
Eskolaren ibilbideari begiratuta «jende asko pasa dela» diote kideek. «Ilintxan baino jende gehiago izango genuke agian» alderatzen dute umorez. Hamar urtetan herriko bertsolaritzaren panorama aldatu egin dela diote. «Egun ekintza gehiago egiten dira, Lehen Iñaki Azarolaren eta Bittor Agirreren saioren bat egiten zen urtean. Egun lauzpabost egiten dira, desberdinak». Irakasteko moduaz galdetuta aldiz, metodo propioa dute Legazpin. «Ez dugu nola eman behar dugun lantzen. Bertsozale elkartea materiala sortzen ari da eta beste herri batzuetan hezkuntza arautuan, ikastetxeetan, bertsolaritza irakasten dute. Legazpikoetan ez ordea. Interesgarria litzateke Legazpiko ikastetxeek bertsolaritza irakastea» diote.
Bertsozaletasuna zabalduz
Egungo bertso zaletasunaren eta ordukoaren artean desberdintasunik antzematen du Iriondok. «Orduan, helduen bertso eskolan, edozein afari egiten zela ere guztiek bertsotan amaitzen zuten. Hori itzaltzen joan zen». Egun halakoak gutxi dira Legazpin. «Tarteka bukatzen da bertsotan, baina ez lehen bezainbeste».
Bertso Olariek diotenez, «gure buruari jartzen diogun helburua bertsozaletasuna eta euskalgintza sustatzea dira, euskararen sentsibilitate hori ere ukituz». Egun, dozena bat gaztetxo dabiltza bertso eskolan. Ostegunetan egiten dituzte hauek eskolak. Helduen taldean aldiz, zortzi lagun inguru batzen dira, ostiraletan. Bertso eskolak Legazpiri «gune euskaldun bat» ematen diola diote, «eta bertsolaritza kultura bezala herri mailan itzali ez dadin» ere egiten duela.
Bertsoak zertarako balio duen galdetuta «ondo pasatzeko» diote, «euskaraz egiten den jolas bat da, astero une on bat eskaintzen dugu. Ea nork esan dezakeen hori!». Bertsoa zer den galdetuta aldiz, «Amurizak bertsoa hitzaren kirol nazionala dela esan zuen, eta berak hori esan bazuen, guk ez dugu hori ukatuko» diote.
Urte hauetako oroitzapen bereziak badituzte. «Hasiera politak izan zen. Zinema betetzea, txapelketak… ekintza arrakastatsuak izan ziren. Egun ere, badugu talde edo ikuslego fidel bat» azaltzen dute. Gaztetxean egiten diren bertso saioak ere aipatzen dituzte. «Bertsolariak hunkitu egiten dira, eta pare bat aldiz gaztetxeko lagunen arteko txapelketak ere egin dituzte, gaztetxea jendez lepo zegoela». Diotenez, «horrek bere indarra du. Gaztetxean euskaraz hainbeste egiten ez duen jendea euskaraz ondo pasatzen ikusten duzu eta hori ikusteak ilusio handia egiten du».
Bertso Olariak bertso eskola «herrian bertsoaren inguruko giro bat sortzea eta lagun talde bat izan da» dio Iriondok. «Zaletasun bat sortu dit, eta gustura egoten naiz. Nereak gu agoantatzetik ni umeak agoantatzera pasa naiz. Jendea ezagutu, ondo pasatu eta bertsotan egiten ikasi dut» gehitzen du Agirreburualdek. Azkenik, Elustondok dioenez «lehen Legazpin apenas somatzen nuen zaletasun handirik. Eskola hasi zenean, autobusak ere antolatu ziren saioatera joateko, eta saio batetara hintxadarekin joatea kristona zen niretzako».
Hitzaren eta errimaren eskolak aurrera darrai Legazpin, belaunaldiz belaunaldi, ikasleek irakasleen lekua hartzen dute, eurek jaso zuten eskutik, ondorengoen eskuetan uzteko.