Amiantoak eragindako gaitza aitortu eta hamabost egunera hil da langile bat
Herenegun iluntzean zabaldu zen berria. Olaberriko Arcelor-Mittal lantegian 1958tik 1995. urtera lanean aritu zen langile ohi bat hil zela pleurako minbiziak jota. Ez da aurrenekoa izan, ezta azkenekoa ere. Baina Jose Benito Acosta 75 urteko gizonezkoaren heriotzak badu beste alderdi bat, izan ere orain dela hamabost egun eskas aitortu zion EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bere gaitza amiantoak eragindakoa izan dela. Alegia, epaitegiek azken epaia eman eta hamabost egunera zendu dela. Atzo egin zuten Acostaren aldeko hileta elizkizuna Olaberrin.
CCOO sindikatuaren arabera, gizonezkoa ia berrogei urtean aritu zen Arcelorren lanean, harik eta lanerako erabateko ezintasuna eman zioten bizkarreko minarengatik. Osakidetzak, 2005ean, mesotelioma kaltegarria atzeman zion, eta 2007an bere gaitza amiantoak sortua zela esan zion. «Orduan hasi zen Acostaren amesgaiztoa. Epaitegiz epaitegi ibili behar izan du enpresak jarritako helegiteei aurre egiten», salatu du sindikatuak. Azkenean, otsailaren 15ean atzera bota zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Arcelorren helegitea, eta hilberriari 239.000 euroko ordaintzea behartu zuen enpresa. Sindikatuarentzat «eskandaluzkoa» da langileei pasarazten zaiena. «Amiantoaren prebentziorako legea betetzen duten enpresei aurre egitera behartzen dituzte langileak, eta haiek nahi duten bakarra da justizia da eta jasandako kaltea ordainaraztea».
Beste epaiketa bat Donostian
Eta Acostaren heriotzaren berri zabaldu zen egun berean, ustez amiantoak eragindako pleurako mesoteliomak jota hil zen Rafael Alustiza legazpiarraren kasuari buruzko epaiketa izan zen Donostiako Auzitegiko Gizarte gaietako aretoan. Alustiza orain dela bederatzi hilabete hil zen. Hildakoaren familiak 1963 eta 1966 urteen artean Patricio Etxeberria lantokian zituzten prebentzio neurri eskasei egozten die heriotza.
Familiaren lekuko gisa 71 urteko Nikasio Urzelaik deklaratu zuen, eta hark azaldu zuen «guraizeekin mozten» zutela amiantoa, «maskarillarik gabe». Alustizari 2008an diagnostikatu zioten minbizia, amiantoarekin lan egin eta 42 urtera. Familiak diru-ordaina eskatzen dio enpresari. Enpresaren abokatuek arrazoitu zuten artean inork ez zekiela amiantoak minbizia sor zezakeenik.