Poltsa berrerabilgarriak banatu dituzte azokan
Paperezko 500 zorro eta zakuen oihalarekin egindako 200 poltsa banatu dituzte gaur Beasaingo asteroko azokan. Aurrerantzean baserritarrek paperezko zorroak erabili ahalko dituzte produktuak sartzeko eta erosleek azokaren ikur bihurtu nahi duen poltsan...
Paperezko 500 zorro eta zakuen oihalarekin egindako 200 poltsa banatu dituzte gaur Beasaingo asteroko azokan. Aurrerantzean baserritarrek paperezko zorroak erabili ahalko dituzte produktuak sartzeko eta erosleek azokaren ikur bihurtu nahi duen poltsan eraman ahalko dituzte produktuak etxera.
Plazape tabernaren ekimena izan da, bertako baserritarren lana eta bertako produktuak goraipatzeko asmoz egin dutena. Baina ekimenarekin iraunkortasunaren eta berrerabilpenaren aldeko apustua ere egin nahi izan dute, zorro eta poltsa horien bidez plastikozko poltsen erabilera murriztu nahi baitute.
Ekonomia eta kontsumo solidarioa bultzatzea ere izan da helburua. Jendeak gaur egun erosteko dituen ohiturak ikusita, baserritarrek egiten duten ahalegina agerian jarri nahi izan dute. Zaku itxurako poltsak gainera, Ideas gobernuz kanpoko erakundeari erosi dizkiete, solidaritateari keinu eginez.
Beasaingo azokak izan duen garapena ere azpimarratu dute poltsa banaketan, tabernako arduradunen eta ekimenean parte hartu duten gainerakoen arabera, Beasainen 1926tik egiten baita azoka. Ordutik asteartero hainbat baserritar gerturatzen da plazara eta eskualdeko gainerako azokei garrantziarik kendu gabe, herrikoari nortasuna eta garrantzia eman nahi izan diote.