Estatuko jubenil mailako txapelketak Ordizian izango du abiapuntua
Estatuko jubenil mailako errugbi talderik onenak bilduko dituen txapelketa asteburuan hasiko da Ordizian. Gaur arratsaldean hasi eta igandera bitartean, hiru taldek beste horrenbeste partida jokatuko dituzte; Garabi Ordiziaz gain, El Salvador, Olimpi...
Estatuko jubenil mailako errugbi talderik onenak bilduko dituen txapelketa asteburuan hasiko da Ordizian. Gaur arratsaldean hasi eta igandera bitartean, hiru taldek beste horrenbeste partida jokatuko dituzte; Garabi Ordiziaz gain, El Salvador, Olimpico Pozuelo taldeak ariko dira lehian.
Txapelketaren aurreneko faseari etxean ekingo dio Garabi Ordiziak, Euskadiko txapela irabazi eta gero. Autonomia erkidego bakoitzeko aurreneko bi sailkatuek parte hartzen dute lehian. Talde horiek, hirunaka banatzen dituzte, aurreneko fasean. Garabi Ordiziari «talderik zailena» tokatu zaiola azaldu dute klubetik.
Ordiziako kanporaketako partidak gaur bertan hasiko dira. Garabi Ordizia eta El Salvador ariko dira aurrez aurre, 18:00etan hasita, Altamiran. Bihar berriz, El Salvador eta Olimpico Pozuelo taldeek jokatuko dute, 13:00etan. Azkenik, igandean, Pozueloren eta Ordiziaren txanda izango da; 12:00etan jokatuko dute.
Santosen mutilek «motibazio handiarekin» ekingo diote txapelketa honi, astean zehar «gogor» entrenatu baitira. Hala ere, «txapelketa honetan egiten dutena egiten dutela», denboraldia bukatutakoan jokalariek merezi duten saria izango dutela aurreratu dute taldetik; Irlandara bidaia egingo dute.
Eskolakoak, Iparraldera
Bestalde, Ordiziako errugbi eskolako gazteak Donibane Lohitzunera joango dira asteburuan. Olano torneoan parte hartuko dute, benjamin, alebin eta infantil mailetan. Autobusa bihar goizeko 7:30ean aterako da Altamiratik.