Goierriko bola txapeldun nor izango den bihar ebatziko da, Gabirian
Goierriko 23. Bola Txapelketa bihar iritsiko da bukaerara. Gabiriako Alkain-Buru bolatokian jokatuko da aurtengo lehiaketako zazpigarren eta azken tiraldia. Sailkapenean txapela irabazteko aukera dutenak puntu banaka batzuen aldearekin daude bakarrik, eta azken unera arte mantenduko du lehiak irrika. Otsailean hasi zen Legazpin, eta Mutiloa, Zerain, Olaberria, Segura eta Idiazabalen segi du larunbateroko kirol probak. Sei jardunaldi horiek jokatuta, finalaren atarian sailkapenak adierazten duen gauza seguru bakarra Segurako bolarien nagusitasuna da. Lehen hirurak segurarrak dira, Agirre familiako osaba-ilobak: Martzelino Agirre (279 puntu), Xepeiño Agirre (278) eta Antonio Agirre (277). Tarte handixeagoarekin, baina bola bakarraren diferentzia besterik ez dutela, Pedro Lazkano donostiarra eta Itoitz Alustiza zeraindar gaztea daude laugarren eta bosgarren, 272na punturekin. Txapelketako jokoa zortzi bolatara da, eta azken tiraldiko kirioek pasada txarra eta hutsak eragin ditzaketen arren, esan liteke bost bolari horien artean egongo dela Goierriko txapela. Xepeiño Agirrek bost-bat aldiz irabazia du eskualdeko txapelketa; Martzelino eta Antonio Agirrek ez. Gabiriako jardunaldian izena emateko ordutegia goizean 10:30-11:30 artean eta arratsaldean 16:30-17:30 artean da. Berrogei bat lagunek parte hartu dute. Jardunaldia, txapelketa eta sari banaketa bukatutakoan, lagun arteko afaria egingo dute gero Osinalde elkartean, aurten bukaerako jardunaldia hartzea herri eta klub horri egokitu baitzaio. Sailkapena, azken tiraldiaren faltan 1. Martzelino Agirre [...]
Goierriko 23. Bola Txapelketa bihar iritsiko da bukaerara. Gabiriako Alkain-Buru bolatokian jokatuko da aurtengo lehiaketako zazpigarren eta azken tiraldia. Sailkapenean txapela irabazteko aukera dutenak puntu banaka batzuen aldearekin daude bakarrik, eta azken unera arte mantenduko du lehiak irrika.
Otsailean hasi zen Legazpin, eta Mutiloa, Zerain, Olaberria, Segura eta Idiazabalen segi du larunbateroko kirol probak. Sei jardunaldi horiek jokatuta, finalaren atarian sailkapenak adierazten duen gauza seguru bakarra Segurako bolarien nagusitasuna da. Lehen hirurak segurarrak dira, Agirre familiako osaba-ilobak: Martzelino Agirre (279 puntu), Xepeiño Agirre (278) eta Antonio Agirre (277).
Tarte handixeagoarekin, baina bola bakarraren diferentzia besterik ez dutela, Pedro Lazkano donostiarra eta Itoitz Alustiza zeraindar gaztea daude laugarren eta bosgarren, 272na punturekin.
Txapelketako jokoa zortzi bolatara da, eta azken tiraldiko kirioek pasada txarra eta hutsak eragin ditzaketen arren, esan liteke bost bolari horien artean egongo dela Goierriko txapela. Xepeiño Agirrek bost-bat aldiz irabazia du eskualdeko txapelketa; Martzelino eta Antonio Agirrek ez.
Gabiriako jardunaldian izena emateko ordutegia goizean 10:30-11:30 artean eta arratsaldean 16:30-17:30 artean da. Berrogei bat lagunek parte hartu dute. Jardunaldia, txapelketa eta sari banaketa bukatutakoan, lagun arteko afaria egingo dute gero Osinalde elkartean, aurten bukaerako jardunaldia hartzea herri eta klub horri egokitu baitzaio.
Sailkapena, azken tiraldiaren faltan
1. Martzelino Agirre (Segura) 279
2. Xepeiño Agirre (Segura) 278
3. Antonio Agirre (Segura) 277
4. Pedro Lazkano (Donostia) 272
5. Itoitz Alustiza (Zerain) 272
6. J. Angel Belauntzaran (Hernani) 264
7. Iñaki Maiz (Gabiria) 264
8. Antonio Alustiza (Zerain) 262
9. Gorka Maiz (Gabiria) 261
10. Markos Madina (Legazpi) 261
11. Felix Maiz (Gabiria) 254
12. Martin Retegi (Zegama) 252
13. Nikolas Igartzabal (Gabiria) 251