Shorinji-Kempo elkartearekin hitzarmena sinatu du Kirol Fundazioak
Beasain Kirol Fundazioak eta Shorinji-Kempo elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Aurrerantzean, beraz, elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dute. Shorinji-Kempo elkarteak urteak daramatza Beasaingo umeen eta gazteen artean ariketa fisikoa ...
Beasain Kirol Fundazioak eta Shorinji-Kempo elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Aurrerantzean, beraz, elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dute. Shorinji-Kempo elkarteak urteak daramatza Beasaingo umeen eta gazteen artean ariketa fisikoa bultzatzeko lanean, bereziki, kempo kirolaren inguruan.
Hitzarmenaren aurkezpenean jakitera eman dutenez, kempo elkarteak 26 urte baino gehiago daramatza Beasainen kirola sustatzen. 1984an egin zuten lehen erakustaldia, Antzizar kiroldegia ireki aurretik, eta ordutik gaur egunera arte egin duten bidea aintzat hartzeko helburuarekin sinatu dute hitzarmena.
Akordioa sinatuta, Kirol Fundazioak eta Shorinji-Kempok hainbat jarduera antolatuko dituzte elkarrekin: Teknikarientzako formakuntza saioak, hitzaldiak eta erakustaldiak. Datorren larunbatean, apirilak 9, egingo dute lehen erakustaldia. Antzizar kiroldegian izango da, 16:30etik aurrera. Emakumeei zuzendutako defentsa pertsonalerako ikastaroa ere antolatuko dute uda ondorengorako.
Aurrerantzean Shorinji-Kempo elkarteak jarduerak garatzeko programa prestatu beharko du, eta beasaindarrek eskura izango dituzten kempo jarduera guztiak programa horretan bildu beharko dituzte. Programatutako jarduerak kiroldegian edo klubak Etxe-Ubin duen gimnasioan egingo dituzte.
Jarduera horiek denak antolatzeko, gehienez ere, 1.500 euroko ekarpena baimenduko du Beasain Kirol Fundazioak; Elkartearen egitura garatzeko 700 euroko dirulaguntza emango dio Fundazioak elkarteari. Lankidetza hitzarmena sinatuta, aurrerantzean, elkarteak lehentasunezko tartea izango du kiroldegiko gimnasioko tatamia erabiltzeko.