Eguzkipean agur esan dio Zumarragak Itzuliari
Otamotz.com• 13:05ean, aurreikusitako orduan irten dira txirrindulariak Euskadi plazatik. Lekunberrin amaituko da 2. etapa, 163 kilometro egin eta gero.
Aurreikusitako orduan, espero bezala hasi da Euskal Herriko Itzuliko 2. etapa, Zumarragako Euskadi plazan. Atzo adina jende ez da bildu plazan, baina eguraldi onak lagundurik, aparteko giroarekin esan dio Zumarragak agur Itzuliari.
“Purito” Rodriguezek eta Samuel Sanchezek sinatutako kamiseta bat eskainiko diote Zumarragako herriari egun hauetan egindako harreragatik. Txirrindulari guztiak aritu dira sinadurak banatzen, lasterketa hasi aurretik. Protagonismo handiena atzoko etapako irabazleak eta bigarren postuan sailkatu zen Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak izan dute dudarik gabe. Ikusleen artean zegoen, atzo bezala, liderraren familia. Lasterketak suposatzen duen tentsioa alde batera utzita, bromarako tarterik ere izan da Euskadi plazan. “Purito” Rodriguezek bere haurrak besoetan zituen bitartean, taldekideek ea gauen umeek deskantsatzen utzi dioten galdetu diote barre artean.
Etaparen irteera ziren Jaime Ugarte , Enrique Erentxun eta Zumarragako alkate, Mikel Serrano. Irteeraren unean elkarri bostekoa eman diote eta orduan abiatu dira txirrindulariak, 2. etapari ekiteko prest, eguzkia lagun eta bildutako jendetzaren txalo artean.
Atzoko etapari buruz galdetuta, ibilbide gogorra baina ikusgarria izan zela esaterakoan, bat etorri dira txirrindulari guztiak. Sanchezek etaparen gogortasuna aipatu du txantxa artean, batzuk bizikletan, baina beste batzuk oinez igo zutela esanez.
Gaurko etapa
Gaurko etapak Zumarragan izan du abiapuntua, Lekunberrin amaitzeko. Lehen mailako bi mendate, bigarren mailako bi eta hirugarreneko hiru zeharkatu beharko dituzte txirrindulariek, 163 kilometro luze dituen ibilbidean.
Ikusi atzoko etapako kronika berezia
Ikusi atzoko etapako kronika berezia