Gipuzkoako bertso eskolen eguna ospatuko dute igandean Legazpin
Gipuzkoako Bertso Eskolen VII. Eguna ospatuko dute igandean Legazpin. 400 haur eta gaztetxo inguru espero dituzte antolatzaileek eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Lurralde osoko bertso eskolen arteko harremanak sendotzea eta elkar ezagutzea da topaketa honen helburua. Zazpigarren urtea da egingo dutena eta Gipuzkoa osoko bertso eskoletako ikasleak batuko ditu Legazpin, gaztetxoak oro har. Xotero Plazaola alkateak gaurko bertso eskolen «historiaurrea» gogoratu du agurko aurkezpenean, iazko jaietako pregoilariak Bittor Agirre eta Iñaki Azarola bertsolariak izan zirela aipatuz. «Horrekin, euren belaunaldiari eta Brinkolako eskolari omenaldia egin nahi izan genion» esan du. Bestetik, Olarien bertso eskolaren lana ere goraipatu du, «herrian bertsoaren presentzia ziurtatzeko eta Legazpiko haurrak bertsolaritzara hurbiltzeko egiten duten lanagatik». Gipuzkoako Bertsozale elkarteari ere eskerrak eman dizkio alkateak: «Euskarak sortzaileak behar ditu eta horretarako gogotik ari zarete lanean. Egun honetarako Legazpi aurkeztea eta zuen bidelagun izatea ohore handia da guretzako». Julen Agirreburualde Bertso Olarietako kideak esan duenez, «horrelako ekintzak indarra ematen dio gu bezalako bertso eskola txiki bati». Bertso eskola guztiek batera lan egin dezaten «garrantzitsua» dela ere azpimarratu du. «Ilusio handia egiten digu ekintza hau Legazpira ekartzeak eta ea bultzada bat ematen diogun bertsolaritzari Legazpi bezalako herri batean». Igandean 10:30ean hasiko dute eguna, parte hartzaile guztiak plazan elkartuz. 11:00etan [...]
Gipuzkoako Bertso Eskolen VII. Eguna ospatuko dute igandean Legazpin. 400 haur eta gaztetxo inguru espero dituzte antolatzaileek eta egun osoko egitaraua prestatu dute.
Lurralde osoko bertso eskolen arteko harremanak sendotzea eta elkar ezagutzea da topaketa honen helburua. Zazpigarren urtea da egingo dutena eta Gipuzkoa osoko bertso eskoletako ikasleak batuko ditu Legazpin, gaztetxoak oro har.
Xotero Plazaola alkateak gaurko bertso eskolen «historiaurrea» gogoratu du agurko aurkezpenean, iazko jaietako pregoilariak Bittor Agirre eta Iñaki Azarola bertsolariak izan zirela aipatuz. «Horrekin, euren belaunaldiari eta Brinkolako eskolari omenaldia egin nahi izan genion» esan du. Bestetik, Olarien bertso eskolaren lana ere goraipatu du, «herrian bertsoaren presentzia ziurtatzeko eta Legazpiko haurrak bertsolaritzara hurbiltzeko egiten duten lanagatik». Gipuzkoako Bertsozale elkarteari ere eskerrak eman dizkio alkateak: «Euskarak sortzaileak behar ditu eta horretarako gogotik ari zarete lanean. Egun honetarako Legazpi aurkeztea eta zuen bidelagun izatea ohore handia da guretzako».
Julen Agirreburualde Bertso Olarietako kideak esan duenez, «horrelako ekintzak indarra ematen dio gu bezalako bertso eskola txiki bati». Bertso eskola guztiek batera lan egin dezaten «garrantzitsua» dela ere azpimarratu du. «Ilusio handia egiten digu ekintza hau Legazpira ekartzeak eta ea bultzada bat ematen diogun bertsolaritzari Legazpi bezalako herri batean».
Igandean 10:30ean hasiko dute eguna, parte hartzaile guztiak plazan elkartuz. 11:00etan ongi-etorri aurreskua egingo dute Korosti eta Sustraiak dantza taldeetako kideek eta 11:15ean jolasak hasiko dituzte. 12:30ean kalejiran joango dira herriko kaleetatik, Legazpiko Batukadaren, Doinua musika eskolaren eta Legazpiko Bertso Olarien eskutik. Bazkaria 13:30ean egingo dute.
14:30ean zezenak eta poniak izango dira plazan, herriko trikitilari gazteen doinura jolasean. 16:00etan pilotalekuan ikuskizuna eskainiko dute eta 18:00etan itxiko dute eguna. Antolaketan lagunduko duten taldeei, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Kutxari ere eskerrak eman dizkiete antolatzaileek.