Txernobildik eta Saharatik udan haurrak ekartzeko laguntza emango du Udalak
Ordiziako Udalak Oporrak bakean programaren barruan Ordiziara Txernobilgo edo Saharako haurrak ekarri nahi dituzten familiei diru laguntza emango die, sorterretik Ordiziarainoko haurraren bidaiaren kostua ordaindu ahal izateko. Garapen bidean dauden he...
Ordiziako Udalak Oporrak bakean programaren barruan Ordiziara Txernobilgo edo Saharako haurrak ekarri nahi dituzten familiei diru laguntza emango die, sorterretik Ordiziarainoko haurraren bidaiaren kostua ordaindu ahal izateko. Garapen bidean dauden herrialdeetara kooperante gisa joaten diren gazteentzako ere diru laguntzak aurreikusi ditu. Bi kasuetan, laguntzak jaso nahi dituztenek dagokion eskaera egin beharko dute udal arreta bulegoan, edota kooperazio gaietaz arduratzen den teknikariari telefonoz deituta (943 88 58 50).
Gazte kooperanteei, 20 eta 30 urte bitartekoei, 1.500 euroko laguntza emango die gehienez udalak, eta hainbat baldintza bete beharko dituzte laguntza hori jaso ahal izateko. Aukeratutako pertsona horien joan-etorriko bidaiaren gastuak ordainduko ditu udalak Gobernuz Kanpoko Erakundearekin harremanetan jarri arte, eta hala badagokio, herrialdera sartzeko bisaren gastuak eta kooperante bakoitzaren istripu eta gaixotasun polizak ere ordainduko ditu. Herrialdeko ostatua eta mantenu gastuak GKEaren kontura izango dira, baina pertsona bakoitzak, bere ahalmenaren arabera, ekonomikoki lagundu beharko dio GKEari.
Eskaerak azaroaren 30erako
Kooperante gazteek azaroaren 30a baino lehen aurkeztu behar dituzte eskaerak udaletxean, eta 30 eguneko epean haiek onartzeko edo ukatzeko proposamena taxutuko du Alkatetzak. Osoko bilkurak, hala ere, kostuak murrizteko aukera proposa dezake.