Herritarren babes «sendoarekin» hasiko du kantu taldeak bidea
Herritarrek gogoz babestu dute Urretxun eta Zumarragan kantu talde herrikoi bat sortzearen proposamena. Pasa den zapatuan estreineko bilkura egin zuten Urretxun eta 30 lagun inguruk egin zuten bat deialdiarekin.
Taldearen sustatzaileek «oinarri sendo bat badagoela» ikusi dutela azpimarratu dute. «Sorpresa handia izan da koadrila eta adin desberdinetako herritarrak batu izana, eta bilkurara etorri zirenez gain, kalean ere jende gehiagok agertu du kantu taldearekin bat egiteko prestutasuna» azaldu dute. Jendea «halako dinamika batean parte hartzeko gogotsu» agertu da gainera.
Hasteko, taldeari forma eta irudia ematea izango da taldekideen helburua. Kantu liburuxka bat ere diseinatuko dute, Iparragirreren eta herriko beste artisten kantuak eta Euskal Herriko «kanta esanguratsuenak» jasoko dituena. Liburuxka eramangarria izango da, Hirugarrenik, entsegu batzuk prestatuko dituzte, taldekideek abestiak elkarrekin landu ditzaten.
130. urtemuga
Azkenik, kantu-jira batzuk antolatzen hasiko dira, eta lehena ziurrenik Zumarragako jaietan egingo dute. «Herri batzuetan hilero egiten dituzte, baina ez da hori gure asmoa. Oraingoz kantu-jira batzuk egingo ditugu eta antolatu ohi diren kanturako bestelako ekimenak ere bultzatuko ditugu, Urretxuko Kantu Afaria bezala».
Ez dira hauek, ordea, kantu taldeak aurreikusi dituen ekintza bakarrak, proposamen gehiago ere mahai-gaineratu baitzituzten zapatuan. Aurten 130 urte bete dira Joxe Mari Iparragirre hil zenetik (gaur da urtemuga) eta hori gogoratu asmoz emanaldi berezi bat egiteko ideia ere aztertzen ari da taldea. Iraila aldean egingo lukete eta Euskal Herriko kantu talde guztiei luzatuko liekete egun berezi honetan parte hartzeko gonbitea. Hala ere, hau oraindik ere aztertzen ari diren proposamena da.
Azkenik, Gernikara irteera bat egitea ere aztertzen ari dira, herri honetako Iparragirreren estatua eta kantu taldea ezagutzeko helburuz.