Sorterria iturri denean
Duela hiru urte, hamar euskal artista elkartu eta Senperoko Larraldea etxean jarri zuten aurreneko erakusketa. Hasieran hamar lagun ziren; esperientziadunak batzuk, zaletasunez margotzen zutenak besteak. Pixkanaka ordea, Euskal Herriko bazter guztietako artistak batzen joan zaizkie. Talde irekia da eta Euskal Herrian artea zabaltzea dute helburu, «jendea erraz iritsi daitekeen tokietan aurkeztuta». Ez dute estilo jakin bat jarraitzen, bakoitzak bere lan egiteko modua eta teknika du. Baina gauza batek lotzen ditu denak, arte garaikidearekiko eta euren sorterriarekiko duten loturak. Ur taldea izenarekin bataiatu zuten mugimendu hura batean eta bestean ari da beraien lanak erakusten. Banaka euren obra zabaltzeko zailtasunak ikusten zituzten, Euskal Herrian «arte garaikidea ezezaguna» baita oraindik ere, elkartetik diotenez; «hori gainditzea da elkartearen gaur egungo proiektu nagusietako bat». Herriz herri egiten ari diren ibilbide horretan, hiru asteko geldialdia egin dute Ordizian. Ostiralera bitartean daude haien lanak ikusgai, Barrena jauregian. Juan Manuel Galarraga zaldibiarra da Ur taldeko kideetako bat. Lapurdin bizi da egun, eta pasa den astean, erakusketa bisitatzen izan zen, bere senideekin batera. Gustora dago, erakusketa ikustera jende dezente etortzen ari dela eta; «asko zaldibiarrak» dio. Erakusketan dituen lanetan, dantzariak, akelarre bat eta Txindoki mendia ikus daitezke. Bere lagun batek, Mikel Ibarguren idazleak egindako poema banarekin lagundu ditu bere [...]
Duela hiru urte, hamar euskal artista elkartu eta Senperoko Larraldea etxean jarri zuten aurreneko erakusketa. Hasieran hamar lagun ziren; esperientziadunak batzuk, zaletasunez margotzen zutenak besteak. Pixkanaka ordea, Euskal Herriko bazter guztietako artistak batzen joan zaizkie. Talde irekia da eta Euskal Herrian artea zabaltzea dute helburu, «jendea erraz iritsi daitekeen tokietan aurkeztuta». Ez dute estilo jakin bat jarraitzen, bakoitzak bere lan egiteko modua eta teknika du. Baina gauza batek lotzen ditu denak, arte garaikidearekiko eta euren sorterriarekiko duten loturak.
Ur taldea izenarekin bataiatu zuten mugimendu hura batean eta bestean ari da beraien lanak erakusten. Banaka euren obra zabaltzeko zailtasunak ikusten zituzten, Euskal Herrian «arte garaikidea ezezaguna» baita oraindik ere, elkartetik diotenez; «hori gainditzea da elkartearen gaur egungo proiektu nagusietako bat». Herriz herri egiten ari diren ibilbide horretan, hiru asteko geldialdia egin dute Ordizian. Ostiralera bitartean daude haien lanak ikusgai, Barrena jauregian.
Juan Manuel Galarraga zaldibiarra da Ur taldeko kideetako bat. Lapurdin bizi da egun, eta pasa den astean, erakusketa bisitatzen izan zen, bere senideekin batera. Gustora dago, erakusketa ikustera jende dezente etortzen ari dela eta; «asko zaldibiarrak» dio. Erakusketan dituen lanetan, dantzariak, akelarre bat eta Txindoki mendia ikus daitezke. Bere lagun batek, Mikel Ibarguren idazleak egindako poema banarekin lagundu ditu bere koadroak.
Berea, estilo figuratiboaren eta hiper errealismoaren arteko zerbait dela dio Galarragak, besteenetatik «ezberdina». Autodidakta da; ez du inolako eskolarik jaso. Bere kasa hasi zen margotzen, afizioz, eta gustatzen zaiona pintatzen du. Erakusketarako egokitu duten aretoarekin ere gustora dago, «toki ederra eta areto zabala» baita. Ipar Euskal Herrian ez omen daude horrelako lekuekin ohituta. «Honelako eraikin bat herriarentzat eta kulturarentzat izatea sekulakoa da». Bigarren erakusketa du Ordiziakoa, aurretik Senperen ere erakutsi baitzituen bere lanak. Orain ordea, bere herritik gertu egotea «berezia» dela dio.
Artista adina estilo
Galarragaren lanekin batera, beste sei artistaren lanak bildu dituzte erakusketan, 21 koadro guztira. Kepa Arizmendi, Ricardo Pascual, Ainitze Butron, Eva Irazoki, Gonzalo Etxeberria eta Olaia Peruarena dira artista horiek. Haien lanetan, teknika eta estilo ezberdinak aurki daitezke, baina gehienek, arte garaikidea eta euskal gaiak dituzte oinarrian. Gainera, egile horietako batzuk, sariak jasotzen eta sona hartzen ari direla azaldu du Galarragak, Etxeberria eta Butron gazteak adibidez. Baina Galarragak bereziki gogoan duena, Kepa Arizmendi da; Ricardo Pascualekin batera, Ur taldearen sortzaileetako bat izan zen eta duela gutxi hil da, bihotzekoak jota.
Biharkoa izango da Ur taldearen erakusketa bisitatzen azken eguna. Handik aurrera, beste geltoki bat bilatuko dute Euskal Herrian barrena egiten ari diren ibilbidean, euren lanak erakutsi eta arte garaikidea zabaltzen jarraitzeko asmotan.