Artelekuko ikasleen erakusketa dago Usurbe antzokian
Badira pinturarako gaitasun bereziarekin jaiotzen diren haurrak. Beste batzuk, ordea, ikasi egin behar dute gaitasun hori garatzen. Baina abilezia dutenek eta ez dutenek garatu behar dute marrazketarako eta pinturarako abilidadea, Rosa Mari Gullon Arteleku akademiako zuzendariak aipatu bezala, «dena dakiela jaio denik ez baitago». Hogei urte dira Arteleku akademiak Beasainen ateak ireki zituela, eta urte horietan guztietan ehunka haurrek ikasi dituzte pinturaren eta artearen atzean ezkutatzen diren trikimailuak eta teknikak. Aurten, 90 ikasle murgildu dira pinturaren ozeanoan, eta urrian ikasturtea hasi zenetik ikasitakoarekin egindako margoak Usurbe antzokiko erakusketa aretoan zintzilikatu dituzte. Haur bakoitzak lan bat jarri du erakusketan. Pasa den ostegunean egin zuten erakusketaren irekiera ekitaldia, eta 500 pertsona inguru elkartu ziren. Gutxik lortu dute orain arte erakusketa baten irekieran halako jendetza elkartzea. Aste honetan zehar ere herritar asko igaro dira artista txikiek egindako lanak ikustera. Erakusketa igandera arte egongo da irekita: Gaur eta bihar 19:00etatik 21:00etara, eta asteburuan 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara. Sormena sustatzea helburu Erakusketan ikusi daitezkeen margo guztiak, modu pertsonalean egin dituztela argitu du Gullonek: «Sormena lantzea eta artearekiko interesa bultzatzea da gure helburua, eta, horretarako, ikasle bakoitzarekin modu pertsonalean lan egiten dugu». Oinarrizko teknikak ikasiz hasten dira marrazten eta margotzen umeak Artelekun, eta norberaren erritmoaren [...]
Badira pinturarako gaitasun bereziarekin jaiotzen diren haurrak. Beste batzuk, ordea, ikasi egin behar dute gaitasun hori garatzen. Baina abilezia dutenek eta ez dutenek garatu behar dute marrazketarako eta pinturarako abilidadea, Rosa Mari Gullon Arteleku akademiako zuzendariak aipatu bezala, «dena dakiela jaio denik ez baitago».
Hogei urte dira Arteleku akademiak Beasainen ateak ireki zituela, eta urte horietan guztietan ehunka haurrek ikasi dituzte pinturaren eta artearen atzean ezkutatzen diren trikimailuak eta teknikak. Aurten, 90 ikasle murgildu dira pinturaren ozeanoan, eta urrian ikasturtea hasi zenetik ikasitakoarekin egindako margoak Usurbe antzokiko erakusketa aretoan zintzilikatu dituzte. Haur bakoitzak lan bat jarri du erakusketan.
Pasa den ostegunean egin zuten erakusketaren irekiera ekitaldia, eta 500 pertsona inguru elkartu ziren. Gutxik lortu dute orain arte erakusketa baten irekieran halako jendetza elkartzea. Aste honetan zehar ere herritar asko igaro dira artista txikiek egindako lanak ikustera. Erakusketa igandera arte egongo da irekita: Gaur eta bihar 19:00etatik 21:00etara, eta asteburuan 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.
Sormena sustatzea helburu
Erakusketan ikusi daitezkeen margo guztiak, modu pertsonalean egin dituztela argitu du Gullonek: «Sormena lantzea eta artearekiko interesa bultzatzea da gure helburua, eta, horretarako, ikasle bakoitzarekin modu pertsonalean lan egiten dugu».
Oinarrizko teknikak ikasiz hasten dira marrazten eta margotzen umeak Artelekun, eta norberaren erritmoaren arabera teknika berriak erakusten dizkiete irakasleek. «Nola begiratu behar duten, distantziak neurtzen, koloreak nahasten, formak egiten, teknikak konbinatzen… ikasten dute, bakoitzak margotzeko zein estilo jarraitu nahi duen errespetatuz».
Ikasle bakoitzari zein estilo gustatzen zaion kontuan hartzen badute ere, artista, teknika eta margotzeko modu ezberdinak ikasi arazten diete. «Ondoren norberak erabakiko du zein teknikarekin jarraitu nahi duen, baina behintzat denak ezagutu ditzatela», gaineratu du Gullonek.
Aste askotako lana
Erakusketarako egin dituzten lanak egiteko aste askotan zehar lan egin dute ikasleek. Irakasleen laguntzarekin koadro osoa egiteko pausoak banan-banan jarraitu dituzte. «Horregatik lortu ditugu halako emaitzak. Batzuk galdetu digute ea lau urterekin halako lanak egin daitezkeen». Gullonek ordea, ez du zalantzarik adina ez dela muga esateko: «Noski egin daitezkeela, baina dedikazio handi eskatzen du. Zaila da ume baten arreta lortzea, eta horregatik, garrantzitsua da lanak modu interesgarrian aurkeztea».
Egindako lana erakusteaz gain, beste helburu bat ere lortu dute erakusketarekin Artelekuko irakasleek: Haurrek marrazten eta margotzen jarraitzeko duten interesa mantentzea. «Ikasleek lan handia egin dute eta jendeak koadroak ikusi dituenean egin duten lan hori errekonozitu diete, eta aurrera jarraitzeko indarra eman diete».
Kolore eta marrazki ezberdinekin egindako lanekin osatu dute erakusketa, ohikoak diren lanak alde batera utzita. «Kolore oso biziak, forma eta gai ezberdinak… aukeratu dituzte, haur bakoitzak bere nortasuna eta imaginazioa duelako». Lan bakoitzaren atzean akademiako filosofia dagoela gaineratu du Gullonek, «artea oinarri hartuta, ikasle bakoitzak arazo ezberdinei aurre egiten, eta bere nortasuna garatzen ikasi duelako». Imaginazioa eta sormena bultzatuz, ikasleek artearen munduan eta bizitzaren gora-beheretan murgiltzen ikasten dutela azpimarratu du Gullonek.
ERAKUSKETARI BURUZKO ARGAZKI GALERIA













